INFO

Eskola Kartak sare publiko elebiduna kaltetuko duela salatu du Ikas Bik Baionan

Irisarri eta Mendibeko eskoletan bezala, heldu den ikasturtean bederatzi ikastetxetan murrizketak aurreikusten direnez, baliabide gehiago lortzeari begira hautetsien laguntza eskatu du elkarteak.


Joan zen astean mobilizazioak egin zituzten Nafarroa Behereko bi ikastetxe publikotan. Orduan Irisarri eta Mendibeko eskoletako gurasoek egin zuten bezala, Iparraldeko sare elebidunak pairatzen duen baliabide falta agerian utzi zuen atzo Ikas Bi elkarteak, Baionan eginiko agerraldian.

Heldu den ikasturterako ikuskaritzak proposatu duen Eskola Karta aldatu ezean, egoerak okerrera egin dezakeela nabarmendu zuen sare publiko elebiduneko gurasoak biltzen dituen elkarteak.

Egun indarrean dagoen arautegiaren arabera, sail elebiduna garatzeko ama eskoletan 25 ikasle behar dira eta lehen hezkuntzan, berriz, 22. Ikas Bik eginiko aurreikuspenen arabera heldu den ikasturtean bederatzi ikastetxetan gaindituko dira xifra horiek.

Horretaz gain, Itsasu, Ahatsa-Mendibe, Donamartiri-Donoztiri eta Ainhoako eskoletan maila ezberdinetako haurrak elkartuko dituztelako kexu dira gurasoak.

Hori gutxi ez eta, Ikas Bi elkarteko presidente Thierry Delobelek prentsaurrekoan nabarmendu zuenez, euskararen hezkuntza garatzeko xedea duten bertze hainbat egitasmo «ez dira aipatuak ere izanen» martxoaren 5ean ezagutarazi zuten Eskola Karta berrian, nahiz eta proiektu horiek hasiera-hasieratik eragile publikoen zein gurasoen babesa jaso zuten «esperimentazio fasea» abiatzeko.

Lizeoen erreforma

Bestalde, sare elebidun publikoan lizeoen erreformak izanen duen eraginari buruz zuhurki mintzatu ziren Ikas Biko ordezkariak. Lehenagotik bertze hainbat hezkuntza eragilek, hala nola Seaskak, eginiko oharrarekin bat egin zuen Delobelek. Erreforma horren arabera, euskara hautazko hizkuntza litzateke, baina atzerriko hizkuntzek edo antzinateko hizkuntzek baino balorazioa apalagoa luke. Delobelen ustez, horrek argi adierazten du frantses Hezkuntza Ministerioko «egungo arduradunek» bigarren mailan kokatzen dituztela «eskualde hizkuntzak».

Bestalde, erreformaren arabera, Akademiako errektoreek erabakiko dute aurrerantzean nola banatu baliabideak. Horrek kezka sortzen du.

Izan ere, Ikuskaritzaren baitan erabakiak hartuko dituzten ordezkarien profilen arabera hautu ezberdinak izan daitezkeen beldur da Delobel. Bere erranetan, nabarmena da hainbat errektoreendako sail elebidunaren alde egitea «ez dela lehentasuna izanen». Horrendako, Ikuskaritzatik heldu daitekeenaren zain gelditu gabe euskal hautetsiengana zuzendu da gutun baten bidez Ikas Bi, «euskararen alde presioa egin dezaten».