INFO

Pentsioen sistema publikoaren alde kontzentratu dira Iruñean

Pentsionistak Iruñeko Merindadeen Plazan kontzentratu dira Anapen, Anapp, Asociación de Mayores Lacarra, Federación de Pensionistas de CCOO, Unión de Jubilados y Pensionistas de UGT eta Sasoianek osatzen duten 'Adinekoak Krisiaren Aurka' plataformak deituta. Espainiar Gobernuari «gaurko eta etorkizunerako pentsio publiko duinak» exijitu diote.

Pentsionistak Iruñeko Merindadeen Plazan. (Idoia ZABALETA/FOKU)

12.00etan antolatu duten elkarretaratzean, pentsionistek 'Pentsioen sistema publikoaren defentsan' zioen pankarta zabaldu dute. Gainera, «pentsionistak aurrera», «pentsio duinak pertsona guztiontzat» eta «ez gaituzte mugituko pentsioak igo arte» bezalako kontsignak abestu dituzte, besteak beste.

Bozeramaileek Gobernu espainolaren ordezkariari, José Luis Arastiri, bidalitako gutuna irakurri dute, non «pentsioak gotortzeko inolako lege aurrerapausorik» eman ez direla zehazten duten. «Borondate faltak pentsionisten jomugak linboan utzi ditu», salatu dute.

Gainera, hauteskundeak ate joka ditugun hilabete hauetan, gobernuan sartzen dena sartuta ere pentsionistekin onarrizko betebeharrak dituztela gogoratu dute. Egoera honek, bozeramaileen hitzetan, «berriro kalera ateratzera behartzen gaitu mobilizazio berriak deituz pentsio publikoen sistema defendatzeko, gaurko eta etorkizunerako ere».

Eskakizunak

Mobilizazio hauek «alderdi politikoen egitarauetan eragina» izan behar dutela azaldu dute, «legeek langileen ongizate eta eskubideen alde egin ditzaten, baita pentsionisten eta pertsona ahulenen alde ere».

Horregatik, egiazko KPIaren arabera pentsio igoerak bermatu, Konstituzioan pentsio publikoak gotortu, egoera hobe batentzat joatea eragozten duten 2012 eta 2013ko pentsio eta lan erreformak indargabetu, jasangarritasun faktorea indargabetu eta pentsio minimoen igoera LGS erdietsi arte izan dira Merindadeen Plazan exijitutako neurriak.