INFO

Etxeko langileen jai aldarrikatzailea, Errenteriako Emakumeen Etxean

Musikaren erritmora gerria mugituz eta janari goxoa dastatu bitartean berriketan harrapatu ditugu etxeko langileak, joan den astean bertan inauguratu zen Errenteriako Emakumeen Etxeko jaialdian.

Etxeko langileen jaialdia, Errenteriako Emakumeen Etxean.

SOS Arrazakeria duela bost bat urte hasi zen etxeko langileekin espreski lanean. Aholkularitza juridikoa jasotzera bulegoetara joaten zitzaizkienean, zaintza lanetan aritzen diren emakume migranteek, gehienak latinoamerikarrak, arazo berdintsuak zituztela ohartu ziren, Jone Urionaguena psikologoak adierazi digunez. Horregatik hasi ziren lan arloan laguntzen.

Oarsoaldean egiten dute lan hori, baita Hernanin eta Tolosan ere. Urionaguenak kontatu digunez, beren herritik iritsi berritan, orduan egoten dira emakumeok zaurgarrien, ez dutelako legea ezagutzen, ezta dituzten eskubideak ere. Eta aunitzek egoera gogorrak bizitzen dituzte.

Funtsezkoa da saretzea, elkar ezagutzea, eta horretan ari dira azken urteotan. Igande arratsaldetan elkartzen dira, orain arte Oarsoaldeko bulegoetan, eta aurrerantzean Errenteriako Emakumeen Etxea izanen dute biltoki. Estimazioen arabera, 10.000 etxeko langiletik gora daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoan soilik.

Kanpainaren amaiera, baina ez lanarena

Martxoaren 8an aktiboki parte hartu zuten greban eta Donostiako manifestazioan siluetak erabili zituzten bertan egon ezin zuten etxeko langileak irudikatzeko. Urtarriletik herriz herri ibili dira astebururo eta orain gauza polit pila bat ari omen zaizkie gertatzen: erreportaje eskaerak, mugimendu feministan sartuago egotea...

Gaurko jaialdiak amaiera ematen dio aurtengo kanpainari; lanari ez, ordea. «Jakitun gara ez garela langile guztiengana iritsi eta informazioa zabaltzeko lanean jarraituko dugu. Asteburuetan herriz herri ibiltzea pentsatu dugu».

Wendy Rodriguezen testigantza

Emakumeen Etxeko bestan dantzan ari direnetako bat da Wendy Rodriguez 44 urteko etxeko langilea. Hondurastarra da jatorriz baina euskalduna sentitzen da, 14 urtetan bere txokoa aurkitu baitu hemen. Alaba, ama eta familia osoa utzita etorri zen gurera bizia ateratzera. Alaba ekartzea lortu zuen gero eta biak daude orain hemen. Gustura bizi da Wendy eta maite du bere lana. Momentuan lanik gabe dago eta bila ari da.

Esperientzia zabala du eta denetarik tokatu zaio, bizipen ederrak eta goibelagoak, baina onekin gelditzen ikasi du. Eskatzen duen bakarra edozein lanetan bezala beren lan eskubideak betetzea da. Prekaritatea eta abusua bukatzea, eskubideak ez urratzea eta indiferentzia ere amaitzea.