INFO

Gastronomia, elkartasuna eta euskararekiko maitasuna, Korrika zaporetsuenean

Gastronomia eta elkartasunak bat eginda, munduko txoko ezberdinetan errefuxiatuentzat jaki duinak eskaintzea da Zaporeak egitasmoaren xedea. Elkarteak, baina, ez ditu bere sustaraiak ahazten eta dagoen tokian egonda gogoan du gure herria eta hizkuntza. Ikusi bestela antolatu duten Korrika berezia.

zaporeak

Gastronomia, elkartasuna eta euskara moduko osagaiak nahastuta, bideoan ikusi daitekeen Korrika osatzen da lapikoan. Burruntzalia lekukoa bailitzan, arineketan ageri dira hamaika boluntario amantalak eta trapuak soinean, eta sukaldeko tresneria ugari eskutan. Zaporeak elkarteko kideak dira guztiak eta sareratu duten bideo eder honekin, euren atxikimendua eskaini nahi izan diote abiatzear den Korrikari.

Gastronomia eta elkartasunak bat egin eta errefuxiatuentzat jaki duinak eskaintzea da Zaporeak egitasmoaren xedea. Donostiako Intxaurrondo auzoan saretzen hasi zen boluntario taldeak Etiopian ekin zuen ibilbidea 2011. urtean, Wukro izeneko herrian, zehazki. Zortzi urteren buruan, boluntarioen sarea Euskal Herri osora zabalduta, elikatzeko premia duten herritar eta herrialde ugarietara iritsi da Zaporeak. Bereziki ezaguna egin zen, Grezian errefuxiatuei otorduak emateko egindako ahalegina.

Dagoen tokian egonda, Zaporeak elkarteak ez ditu bere sustaraiak ahazten eta horren lekuko da urtero urtero Korrikari erakusten dioten babesa.

Bihar abiatuko da euskararen aldeko lasterketaren 21. edizioa. Mezua lekuko barnean sartuta arratsaldeko 17.00tan abiatuko da eskuz esku korrika Garestik. Lehen kilometroa Izarbeibar eta Mañeru ibarretako herri bakoitzeko lagun banak eginen du: 16 herri guztira, 16 lagun. Herriko plazan izanen da hasiera ekitaldia 16.30etik aurrera, Anabel Arraizak gidatuta eta Demode Quartet taldearen parte-hartzearekin. Haatik, eguna hasi orduko abiatuko da jaia Garesen. Dianekin esnatuko da herria eta Korrikarako giroa berotzeko ginkanak, joaldunak, kale animazioa, antzerkia eta indarrak hartzeko herri bazkaria ere ez da faltako.