INFO

Leitzak Korrika besarkatu du

Herri euskalduna eta euskaltzalea da Leitza, eta gogo biziz hartu du Korrika gaur arratsaldean. Atzerapen pixka batekin sartu dira korrikariak herrian. Aurrera kultur elkartea, Kaxkabeltza elkartea, Sarrioko langileak, Zirate Kuadrilla, ikastetxeak eta Atekabeltz herrigunea izan dira lehen lekuko eramaileak, eta herriaren erdigunean Udalak hartu du ikurriñadun testigua.

Korrika Nafarroako Malerrekan. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)

Seiak baino lehentxeago zen iristekoa Korrika Leitzara, baina ordubete lehenago bare-bare zegoen herria. Kaleak erdi hutsik. Izan ere, ikastetxeek 997. kilometroa egin behar zuten, Leitzan sartu aitzin, eta jende ugari joana zen hara. Eguzkia, euri zaparrada, berriro ateri... Ortzadarra zen herriak Korrika besarkatu duenean.

Herri erdialdeko biribilgunean hartu behar zuen lekukoa Udalak, Mikel Zabaleta alkatea buru. «Pixka bat urduri nago, ez dut ukatuko. Eta ilusioz beterik –adierazi digu–. 999. kilometroa egokitu zaigu eta 1.000.ari pasatuko diogu lekukoa. Oraingoz ematen du lasai dagoela herria, baina jendearekin hitz egiten badakit herria gero irauliko dela. Nik uste sumatzen dela badela grina edo ilusio hori».

Irati herritarra ere esperoan dago, Korrika noiz etorriko. Haurdun dago eta herrian metro batzuk laster egitearekin nahikoa eginen du. «Niretzat oso ekimen polita da Korrika. Jende pila bat mugitzen da. Ilusio handia pizten du adin guztietan, umetatik hasita helduetaraino».

Gazteen artean, euskaraz

Lekunberriraino korrika joateko asmoa zuen gazte kuadrilla batekin ere mintzatu gara. Nahiko entrenamendu izaten dute futbolean eta ez dute gehiagoren beharrik izan Korrikarako. Leitza herri euskalduna dela eta lagunartean ere hala aritzen direla baieztatu digute. Tartean da duela urtebete Argentinatik etorritako kuadrillakoa, eta gu testigu primeran moldatzen dela euskaraz elkarrizketa egiteko.

Bakoitzak ahal duen ibilbidea egin eta gero, bueltakoan, ekitaldi xume bat egon da plazan. Pikatzeko zerbait, bertsolariak, musika... Herritarrak bertan elkartu eta hala erran diote agur Korrikari.