INFO

Eragilez eragile, klika eta klika Bilboko kaleetan Korrika

Eguerdian sartu zen Korrika Bilbon, Zorrotzatik. Euripean egin zuen ia ibilbide osoa, baina horrek ez zuen euskararen alde Korrika egiteko gogoa zapuztu eta jende asko eta eragile ugari irten zen kalera.

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


Goizeko lehen orduak Meatzaldean eta Enkarterrian igaro eta gero, 12.00ak aldera sartu zen Zorrotzatik Korrika Bilbon, atzerapen handirik gabe.

Gazte Kontseilua izan zen lekukoa Bilbon sartu zuen eragilea, eta, Zorrotzan buelta bat eman ondoren, Basurturantz abiatu zen Korrika. Bidean euskarazko hedabideen kilometroa izan zen, non adierazpen askatasunaren alde aldarri egin zuten. Basurtutik Errekaldera joan zen Korrika, eta, ondoren, Irala, Miribilla, Bilbo Zaharra eta Abusu auzoetatik igaro zen. Abusun, auzoko ikastolako Unaik, furgonetan igota bertsoz lagundu zuen ikastetxeko kilometroa.

Gero, Ibaizabalen beste aldera pasatu eta Txurdinaga, Otxarkoaga eta Santutxu auzoak zeharkatu zituen 14.00ak aldera euskararen aldeko lasterketak. Txurdinagan, Kirikiño ikastolako ikasle baten omenez xingola beltza eraman zuen lekukoak. Santutxun, berriz, beste omenaldi bat egon zen, Marian Leon AEK-ko kideari egindakoa, hain zuzen ere.

Santutxu utzi eta Zumalakarregi etorbidetik Bilboko udaletxera heldu zen Korrika 14.30 pasata; bertan, Juan Mari Aburto alkateak eraman zuen lekukoa udalbatzaren izenean.

Zazpikaleetan, besteak beste Abantek, Gatz tabernak, Errondabide tabernak, Adaxka Kultur Elkarteak, 7katu gaztetxeak eta Hika Ateneoak lekukoa eraman ondoren, Bilboko Konpartsetako kideek hiriaren erdialdera bideratu zuten Korrika, Areatzako zubia zeharkatuz. Euri erauntsia gero eta gogorrago zen, baina horrek ez zuen euskararen alde korrika egiteko gogoa itzali. Inondik inora.

Kale Nagusian eta Urkixo zumarkalean zehar igaro ondoren, San Mamesera heldu zen Korrika, Athleticek lekukoa hartzeko. Bertan buelta eman ostean, Bilboko erdialdean murgildu zen berriz EITBko langileen eskutik.

EH Bildu, EAJ, Bizkaiko Batzar Nagusiak, Bizkaiko Aldundia eta gehiengo sindikala izan ziren lekukoaren eramaileak Korrikak Indautxun egin zituen kilometroetan. Ondoren, Mazarredo zumarkalean sartu zen, eta Guggenheim ondoko “Puppy”-ren parera heltzean Etxerat elkarteak hartu zuen testigua.

Bilboko Kale Nagusian sartu zen berriro Korrika, eta Bordillo Aplastaoko kideek, pertsona batzuek mugikortasun mugatu eta murriztua dutela salatzeko taldekoek, eraman zuten lekukoa kilometro batez gurpildun aulkian.

Azkenik, Euskalduna zubitik gurutzatu zuen Korrikak ibaiadarra berriz ere, eta Deustun sartu zen bertako ikastolak lekukoa hartuz. Agirre Lehendakaria kalea hartu eta Ibarrekolanda, San Inazio eta Elorrieta auzoetatik igaro zen lasterketa 16.00ak aldera.

Save the Children erakundeak Bilbo eta Erandioko mugan egin zuen bere kilometroa, eta Txorierrin eta Busturialdean murgildu zen ostean lasterketa. Loiu, Gatika, Mungia, Bakio, Bermeo, Mundaka eta Sukarrietatik igaro ondoren, Gernikan bukatu zuen eguna.

Loiun, 96 urteko Dolores Castañosek hartu zuen lekukoa, Korrikan parte hartzeko adinik ez dagoela erakutsiz.

Ibilbide osoan zehar hainbat aldarrikapen nabarmendu ziren atzokoan. Bilbon, euskal presoen aldeko aldarriak nagusitu ziren batik bat. Azkenik, aipatu Beti Jai Alai, Gure Esku Dago, Loraldia eta Azkue Fundazioa izan zirela atzokoan Korrikako lekukoa eraman zuten beste eragileetako batzuk.