Olatuaren pare sartu da Korrika Donostia erdialdera
21. Korrika bederatzigarren egunean iritsi da Donostiako kaleetara. Antiguotik hasitako olatuak eraman ditu San Martin kalean batu diren bizilagunak eta milaka lagunek egin dute klika Gipuzkoako hiriburuan. Aurreko egunetan ez bezala eguraldia lagun izan dute euskararen aldeko korrikalariek.
Estatu espainoleko gorteetarako hauteskundeen kanpaina hasi berritan, Korrikari protagonismoa kentzeko saiakerak ikusi ahal izan dira Donostiako kaleetan. San Martin kalean bildu diren ilara luzeek AEKren autoa ikusten zuten ortzimugan PSEren furgoneta pasa den momentuan. Mespretxurik onena kasurik egitea ez denez, halaxe pasatu da honen leloa, gaurko protagonista "ika, ika, ika Korrika" baitzen.
Amaraberrin, Loiolara bidean... #klika #klika eta #klika!!! pic.twitter.com/P2uLIci9k6
— AEK (@AEK_eus) 2019(e)ko apirilaren 12(a)
"Tipi-tapa, tipi-tapa Korrika" ere jada aski ezaguna zaigu bi urtetik behin Euskal Herriko kaleak zeharkatzen dituen korrikaldiak eta aurtengoan euskarari klika egitea egokitu zaigu euskaldunoi. Kostatu zaio Korrikari Donostiara heltzea eta Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak onartu du «merezi izan» duela zain egoteak, eguraldia lagun izan baitute donostiarrek –eta gipuzkoarrek orokorrean–.
Ostiral goizez sartu zuen oina Gipuzkoan, Bizkaiko muga goizeko seiak aldera igaro zuen eta Mutrikun hartutako lekukoa arratsaldeko 16:30 aldera Añorgara heldu da, bertan hartu dute lekukoa GARA eta NAIZeko langileek.
GARA eta NAIZ ere #korrika rekin, eta gu haiekin. Hemen euren kilometroaren zatitxo bat bideoan pic.twitter.com/9EwsVVH4nb
— AEK (@AEK_eus) 2019(e)ko apirilaren 12(a)
Nolabaiteko atzerapenaren zetorrelaren zurrumurrua erraz zabaldu da San Martin kalean, urduritasuna igartzen joan zen minutuak pasa ahala; izan ere, hasiera batean zaila zen peto morerik ikustea. «Hondarribitik etorri naiz Korrikan parte-hartzera, bertan goizeko ordutan igaro baitzen eta penaz geratu nintzen», dio Maisolek, zeinak argazkia eta dena atera duen San Martin kalearen hasieran.
«Bi urtean behin izateak badu bere berezitasuna», defendatu du Alde-zaharreko bizilagun den Anek. San Martinen sartu da Korrikan ondoren bere auzoan bukatzeko asmoarekin. Helmuga berdina izango dute Oihane, Nerea eta Ainhoak, alde-zaharrean bukatu eta ostirala izanik, festa eguna luzatuz. Arratsaldeko bederatziak aldera utziko ditu Korrikak Donostiako kaleak eta jakina da honen hauspoak egun osoa hartzen duela.
«Mezu egokiak» dituen mobilizazioa dela argudiatu du Markel Olanok, Korrika zergatik den hain berezia itaun egin ostean. 2.061. kilometroan hartu behar zuen lekuak eta bera baino metro batzuk lehenago Donostiako suhiltzaileak izan dira lekuakoren jabe. Eta hauek, Iñaki lanera itzultzeko aldarrikapena ozen oihukatu eta argitasunez irudikatu dute. Korrikak ere injustizien kontra egiten duelako.
Suhiltzaileak ere gaur #Korrika dabiltza gurekin! #Donostia #KorrikaZuzenean pic.twitter.com/isU3swh2HF
— AEK (@AEK_eus) 2019(e)ko apirilaren 12(a)
Euskarak batzen gaitu, feminismoak batzen gaituen modura. Eta horregatik ageri dira borroka feministaren banderolak han eta hemen. «Zapaldua izan den hizkuntza bat da euskara», adierazi du mugimendu feministako kideak.
Hainbat aldarrikapen entzun daitezke, guztiak euskaraz, guztia posible dela irudikatzen duela Korrikak. Eta halaxe dio Fermin Muguruzak, hainbat artistekin batera, eginiko abestiak: «Zu gabe, zu gabe, hau ez da posible; orain gaur eta hemen dena da posible».
Antiguon hasi den olatuak Gipuzkoako barnealdea bustiko du larunbateko ordu gehienetan eta arratsaldeko 16:00ak aldera Bizkaiara itzuliko da Ermuako karriketan barrena. 21. Korrikak badu nahikoa indar igandean Gasteizen lur hartzeko.