INFO

Kostaldeko kresalaren usain eta kemenak klika egin du Donostian

Ia bost orduz ibili zen atzo 21. Korrika Donostian barrena. Antiguatik uholde baten pare sartu zen, San Martin kalean zain zeudenak aurretik eramanez. Gipuzkoara Bizkaitik barrena sartua zen goizeko seietan eta bihar guztiz indarberrituta iritsiko da Gasteizera.

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


«Zu gabe, zu gabe, hau ez da posible; orain gaur eta hemen dena da posible», halaxe dio aurtengoan hainbeste zalaparta piztu duen Korrikako abestiak, Fermin Muguruza, Mad Muasel eta La Furiaren elkarlanetik sortua. Atzo Korrikaren bederatzigarren eguna izanik, jada ez dira nobedade “Klika” kantuaren hitzak, baina, hori bai, atzo Donostia abordatu zuen olatu izugarriaren ostean, orain bai sinetsi daiteke gaur eta hemen guztia dela posible. Nork jartzen du zalantzan Korrikaren azken aurreko egun honetan?

Bizkaira itzuliko da korrikaldia gaur arratsaldean atzo, goizeko seietan, Bizkaia eta Gipuzkoako muga gainditu ondotik. Bizkaitarrek lagundu zuten ordu-txikietan zalaparta jartzen eta horien uholdeak erabat hartu zuen Gipuzkoa. Elgoibarrera egun argiz iritsi zen eta Donostian eguraldi paregabea lagun jaso zuen ongi etorria 21. Korrikak. «Merezi izan du zain egoteak, aurreko egunetan ez bezala giroa lagun baitaukagu», nabarmendu zuen Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak.

Minutu gutxi barru hartu behar zuen lekukoa San Martin kalean Olanok eta Korrikaren berezitasun gisa «mezu egokiak» zabaltzen dituen mobilizazioa dela nabarmendu zuen. Egokia eta desegokia denaren arteko distantzia non dagoen kalkulatzea zaila den erakusle, kasualitatez –edo kausalitatez, nork daki– bera baino metro batzuk aurrerago Donostiako suhiltzaileek eraman zuten lekukoa, “Iñaki lanera” aldarrikapena ozen hedatuz. Korrika ere badelako injustizien aurkako babesleku, zapalduak lehen ilaran jartzeko tresna. “Ika, ika, ika, Korrika” edo “Donostia ere euskararen alde” leloez haratago doan ekimena. Hauspoa da, hurrengo egunean ere sinesten dugunaren alde lanean jarraitzeko –gaurkoa dagoeneko hamargarren eguna izanik, hori bai, jarraipen berezia egiten ari direnak atseden beharra ere baduten arren–.

Ume eta helduak batzen ditu Korrikak, umeei leku egiten die, eta, hala, atzokoan Donostia gurutzatu zuten haur ugarik, hurrengo bi urteetan bizitakoa ondo gogoratuko dutenak. San Martin kalean batu ziren sei-zazpi haurrak ditut gogoan. Urduri zeuden, bazekin zerbait berezia zetorrela eta, heltzean, hegal egin zuten. Halaxe joan ziren ere Korrikara sartu ziren lau amak, haur-kotxeak bultzatuz indartsu sentituz.

Donostia, festa gogoz

«Korrika bi urtetik behin izateak badu bere xarma», defendatu zuen Parte Zaharreko bizilagun Anek. San Martin kalean aurkitu genuen prest, bere auzora heldu arte gogotsu korri egiteko asmo tinkoarekin. Ez zen helburu makala, Artzain Onetik Grosera baitzioan lasterketa eta bertan pare bat itzuli eman behar baitzituen Parte Zaharreko karrika txikietan murgildu aurretik.

Hondarribiko Maisolek ere «arnasak iraun artean» korrika egiteko asmoa zuen. Bere herritik apirilaren 9ko goizaldean igaro zen, eta, parte hartzeko gogoz geratuta, Donostiara egin zuen bisita atzo. 11 egunez 24 orduz gelditu gabe aurrera egiten duen lasterketa batek horixe dauka: nahi edo nahi ez leku batzuetatik ordutegi “zailetan” pasatu beharra dauka.

Donostiako kasuan, aldiz, guztiz kontrakoa gertatu zen: arratsaldez, giro eguzkitsuarekin eta ostiralarekin bat igaro zen. Horri eta Korrika txikiei esker festa giroa eguerditik sumatzen zen hirian, eta 21. Korrikak kale guztiak zeharkatu ostean ere festak aurrera jarraitu zuen. Ospatzekoa baita euskararen aldeko elkartasuna.

Guztiok jartzen gaitu zoriontsu eta irribarretsu Korrikak, guztiok hartzen gaitu energia berezi batek. Ume, gazte, heldu eta adineko. Helduko da eguna eztabaidatzeko euskararengatik hainbeste lan egiten duten horien alboan korrika egiten dutenetatik zenbatek egiten duten itxurakeria hutsez. Etorriko da bai, baina argi dago Gasteizen lekukoak gordetzen duen mezu preziatua irakurri arte alaitasunak eta euskaltzaletasunak Euskal Herria koloreztatuko dutela.

 

Bihar Gasteizen amaituko da Korrika

Bihar iritsiko da bere amaierara 21. edizioa betetzen ari den Korrika. Ekitaldi nagusia 12.30ean hasiko da eta Edurne Azkaratek eta Aitziber Perez de Karkamok aurkeztuko dute Andra Maria Zuriaren plazan. Eta jakina, mezua nork idatzi duen ere egunean bertan ezagutuko dugu.

Zazpi gunetan banatuko da Arabako hiriburua eta bakoitzak mota bateko ekitaldiak hartuko ditu. Hala, kontzertuak Foru plazan egingo dira, Enparantza Berria haurrentzako antzerki eta jolasek hartuko dute, Aihotz plaza dantzaleku bihurtuko da, Buruleiriak Plazak feminismoa izango du ardatz, Probintzia enparantzan Euskal Herriko artisauek edukiko dute txokoa eta Posta kalean Arabako produktuen azoka egingo da.

Kolore eta gustu guztientzako leku izango da Gasteiz Korrikak zapaltzen duen unetik. Aurtengo edizioaren balorazioa astelehenean egingo dute. A.U.A.