INFO

Indartsu iritsi dira gazteak Topaguneko azken txanpara

Azken txanpan sartu da jada Lemoako gazte topagunea, baina oraindik bada denbora ikasi eta gozatzeko. Saharari, Brexitari eta irlandar prozesuari begiratu diote arratsaldean, eta euskal andre langileen ibilbideari ere bai.

Ira taldearen kontzertua izan da arratsaldeko gozagarrietako bat. [Aritz LOIOLA/FOKU]

Gazteak pixkanaka-pixkanaka agertu dira gosaltzera Ernai eta Aitzinak antolatutako Lemoako Topagune arrakastatsuan, normalean gaupasaz. Hala izan ez bada, kasualitate hutsez izan da. Rap doinuekin ernatu dira.

Naiz irratia izan da hirugarren egunez Arratiako herrian bilduak dauden lagun ugarien iratzargailua. Akeita gunetik zuzenean emititu dute egunero irratiko lankideek. Gau luze baten ondotik pixkanaka ernatzen ari ziren gazteak izan dituzte esatariek lagun. Goizeko protagonistetako batzuk Ekaitz Astiz, Izar Mendiguren, Markel Yoller eta Odei Barroso rapeatzaileak izan dira.

Inprobisazioa eta kantua aspalditik txertatuak daude gure ohituretan; euskarazko rap inprobisazioa, ordea, hastapenetan da. 'Master of Ceremony’ lanetan Haritz Casabal eta DJ lanean ‘Txino’ zituztela, errimekin inprobisatuz 'lehia' bizi eta ederra osatu dute rapeatzaile gazteek.

Aitzinetik, gazte antolakundeak 40 urte bete dituela-eta, bizipenak oroitu dituzte Aitor Elizaran eta Larraitz Ugarterekin. Eta gaur izanen den hamaika tailerren berri ere eman dute.

Eztabaida eta begirada interesgarriak

Hezkuntza izan dute eztabaidagai Plaza Hutsean; eta Kurdistan begirada feministaz ezagutzeko hitzaldia jendez lepo egon da. 'Gazte botereaz Euskal Herria eraikitzen' hitzaldiak ere interesa piztu du.

Eusko gudarostearen azken garaipena izan dute hizpide 'Lemoatx 1937' ekitaldian. Lotsagabe tailerra, ardo dastaketa, dantza... Eta aunitzez gehiago ere izan dituzte.

Izar Hernando Ernaiko bozeramaileak adierazi bezala, «gure garaia» baita, «gazte belaunaldi berri batena. Euskal Herria askearen aldeko borrokari hauspo berritu bat emango dion belaunaldiarena. Gu gara herri honek behar dituen gazte bulkada berri eta sortzaileak».

Arratsaldean, bertzeak bertze, euskal andre langileen ibilbidea errepasatu dute, antzinako erregimenetik kapitalismora. Eta gaur egungo erronkei heldu diete Andoni Olariaga, 'Txefi' eta Asier Zamoranok.

Josebe Iturriotz hizlari izan duen 'Putak, bollerak, transak eta marikak hemen gaude?' hitzaldiak ere jende ugari bildu du. Egitarua benetan zabala izan da eta adibide batzuk baino ez dira hauek. Kontzertuek borobilduko dute eguna, Mice, La Furia eta Nizuri Tazunerik, bertzeak bertze.