INFO

Patxi Iraola Garmendia bertsolari zaldibiarra zendu da

Batez ere Goierrin aritu zen bertsolari hau, oso maitatua izan zen bere eskualdean. Zaldibian jaioa, txapelketetan ere aritu bazen, erosoago sentitzen zen plazetan. Bere bizitzaren inguruko bi liburu argitaratu zituen garaiko Bertsolari Elkarteak.

(Bertsozale Elkartea)

Patxi Iraola Garmendia bertsolari zaldibiarra hil da 86 urte zituela. 1933an jaioa, 32 urte zituela egin zuen bere lehen plaza, Zaldibian bertan, Jose Mari Aranburu lagun zuela. Orduz geroztik hainbat sariketa eta txapelketatan parte hartu zuen, baita irabazi ere (Osinalde Sariko lehen edizioko txapelduna izan zen, adibidez), baina batez ere Goierri inguruan asko aritutako bertsolaria da.

1991ean, Bertsolari Egunaren baitan, omenaldia jaso zuen Florentino Goibururekin batera eta biei buruzko “Kontu kontari” argitalpena kaleratu zuen Bertsolari Elkarteak –egungo Bertsozale Elkartea–, beraien bizitzako pasarteak eta bertsoak kontatuz. Era berean, 2009. urtean bere bizitzako biografia, kontakizunak eta bertsoak biltzen dituen “Naizen apurra” argitaratu zuen. 2014ean bere herriko jubilatuen Beti Gazte elkarteak egin zion omenaldia.

2016an ETBko “Herri People” saioan Ibon Gaztañazpi kazetariak elkarrizketatu zuen, non bere ibilbideari buruz mintzatu zen. Xabier Euzkitze kazetari eta bertsolariak ere bera elkarrizketatzeko aukera izan zuen eta hala gogoratu du bere Twitter kontuan, berarekin izandako elkarrizketaren bideoa erantsiz.

Bertsozale Elkarteak sare sozialetan zabaldutakoaren arabera, azken agurra astelehenean emango diote, 19.00etan, Zaldibiako Fede Santua elizan.