Harkaitz Canok irabazi du 111 Akademiaren Saria
Imanol Larzabal kantariaren bizitzatik eratorritako fikzioak, ‘Fakirraren ahotsa’k, eraman du Cano 111 Akademiaren Saria bigarrenez eskuratzera. Idazle lasartearrak ekainaren 6an jasoko du saria Amasako Hika txakolindegian.
199 akademiakide ditu une honetan 111 Akademiak, eta horietako 102k parte hartu dute 2018ko sariduna izendatzeko, 2019ko urtarrila eta apirila bitartean burututako hiru bozketa txandetan. Txanda guztietan Canoren eleberria izan da bozkatuena eta Katixa Agirreren ‘Amek ez dute’ eleberria izan du lehiakide azken bueltan.
Ekitaldi berria
Hainbat urtez 111 Akademiaren Sariaren eszenatoki izan den Andoaingo Bastero Kulturgunea utzi, eta aurten Amasako Hika txakolindegian ospatuko du 111 Akademiak Harkaitz Canori saria emateko ekitaldia.
Toki berriak ikuskizun berria ere eskatzen duenez, 111 Akademiako kideak ekitaldi berria diseinatzen ari dira. Hartara, aurten sari ematea pixka bat atzeratu eta ekainaren 6an izango da.
Bigarrenez saridun
Harkaitz Canok ez du 2018koa lehenengo 111 Akademiaren Saria izango. 2011n ere idazle lasartearrak sari berbera jaso zuen bere aurreko nobelarekin, ‘Twist’ekin, hain zuzen. Orduko hartan, gainera, Canok nahikoa izan zituen hiru bozketa txandetatik bi bere nobelak behar adinako babesa eskura zezan urte hartako saridun izateko. Aurten hiru txanda burutu dira, eta hiruretan ‘Fakirraren ahotsa’ gailendu da.
Hala, 111 Akademiaren Saria bi aldiz jaso duten idazleen taldean sartu da Harkaitz Cano, Ur Apalategi, Anjel Lertxundi eta Ramon Saizarbitoriarekin batera.