INFO

6.500 lagun inguru bildu ditu Baionan Maiatzaren Lehenak

Aurten lehen aldikoz CGT eta LAB sindikatuek eta hainbat herri mugimenduk deialdi bateratua egin dute justizia soziala eta ekologikoaren aldarrikapenak uztartuz. 6.500 lagun inguru bildu dira manifestazioan. 

Aldarri ugari bildu ditu bere baitan Baionako Maiatzaren Lehenak. (Maite UBIRIA)

Aipatu bi leloak, justizia sozialari eta ekologikoari lotutakoak, hain zuzen, idatzita ziren 11.00ak pasata Sainduizpiritu auzotik abiatu den martxan. Aldarrikapen horiek azken urteotan langileriaren eguna anitza eta jendetsuena ahalbidetu dute.

Emazte eta gizonen arteko soldata arrakalaren salaketa, zerbitzu publikoen defentsa, gazteen eskubideak, migranteen aldeko elkartasuna, urjentzia ekologikoa... Aldarrikapen sorta horren inguruan adina, kultura, militantzia eta jatorri ezberdinako milaka herritarrek elkarrekin zeharkatu dituzte kaleak besta giroan Merkatu plazan amaitu den mobilizazioan.

Bertan jarritako oholtzatik indar batuketa ospatu eta aurrera begira aliantzak ehuntzen segitzeko deia egin dute mobilizazioaren deitzaileek.

CGT eta LAB sindikatu deitzaileak izan badira ere, Solidaires-en eta SNU-pp hezkuntza sindikatuko kideak batu dira martxara.

Beraiekin batera, Bizi! mugimendua, M1Altxa gazte dinamika, Etorkinekin plataforma, talde internazionalistak... Horiek guztiek elkarrekin bestelako mundu bat eraikitzeko aldarria altxatu dute abagune berria irudikatu duen Maiatzaren Lehenaren mobilizazioan.