INFO

Hamaikagarren urtea beteko du Menendezek Bera Beran

Alba Menendezek beste urte betez berritu du hitzarmena Bera Berarekin eta datorren denboraldia bere hamaikagarrena izango da. Kapitainak ziurtatu du ez duela zalantza egin sinatzerako orduan.

Alba Menendez, jaurtitzeko prest Porriñoren aurkako neurketan.(Juan Carlos RUIZ / FOKU)

«Profesionala eta etxekoa, gipuzkoarra, den heinean erreferente da bat da Alba [Menendez]», adierazi du Tati Garmendiak, Bera Bera eskubaloi taldeko arduradunak.

17 urterekin heldu zen Alba Menendez Bera Berara –2009-2010 denboraldian, hain zuzen ere–, eta Tati Garmendiarekin kointziditu zuen bere azken denboraldian. «Heldu nintzenean pazientzia izugarria eduki zuen niregan eta uste dut zerbait ikasi dudala», azaldu du barre artean zarauztarrak.

Taldeko kapitaina da orain eta duela hamar urte heldu zenean ikasteke gauza asko zituela onartzen du. Klubak erakusten dion konfiantzak segurtasuna helarazten diola gaineratu du, «eta hori jokatzerako garaian igartzen dela uste dut». «Asko eskertzen diot klubari eta espero dut urte askoan bi aldeak elkar sinesten jarraitzea», nabarmendu du.

Ziurtatu du ez duela gehiegi pentsatu behar izan sinatzerako garaian, «oso erraz» iritsi direla akordiora eta beraz ez dela pentsatzen jarri beste eskaintza batzuetan: «Oso argi nuen beste urte bete hemen jarraitu nahi nuela». Gainera zehaztu du hurrengo urtean ere erronka berdinak izango dituztela –Liga, Kopa, Superkopa eta Europako txapelketa– eta garaikur guztiengatik borrokatzeak eta Europan urrats bat gehiago emateko helburua motibazio iturri garrantzitsuak direla defendatu du.

Aurten Superkopa eta Kopa irabazi dituzte, eta Europan historia egin dute EHF Cup txapelketako multzoen fasera sailkatzean. Liga bukatzeko bi neurketa falta diren honetan, Rocasaren hutsegitearen zain daude. Larunbatean neurketa guztiak ordu berean jokatuko dira (16.00etan) eta Menendezek argi du lehendabizi beraiek irabazi behar dutela: «Rocasak huts eginez gero eta guk galtzen badugu, kolpe gogorra litzateke».

Azurmendi eta Berasategiren agurrak

Taldeko kapitainak kontratua berritu du baina asteazkenean Nora Azurmendi zein Estitxu Berasategik jakinarazi zuten ez dutela jarraituko hurrengo denboraldian. Hauekin, oraingoz bost dira hurrengo ikasturtera begira jarraituko ez duten jokalariak (Sans, Ezkurdia eta Karstenekin batera) eta honen harira, Menendezek adierazi du «nahiko ohituta» daudela urtetik urtera aldaketekin moldatu behar izatera: «Batez beste, urtero bost jokalari joan eta beste bost etortzen dira. Zaila da bai, baina ohituta gaude».

Era berean, penatuta agertu da hiru gipuzkoarrek taldea uzteko erabakia hartu dutelako: «Talde guztia gipuzkoarrekin osatuta egotea izango litzateke egokiena, Gipuzkoan lan ona egiten denaren adierazgarri izango litzatekeelako».