«Elkar ekin» leloarekin, 30 ikastaro eta sei jardunaldi antolatu ditu UEUk
30 ikastaro eta 6 jardunaldi antolatu ditu UEUk, «azken urteetako arrakasta» errepikatzeko asmoz. «Elkar ekin» leloarekin, elkarlanean antolatuta jakintza berriak sortzen direla azpimarratu nahi dute.
Bilbon eginen den humanitate digitalei buruzko jardunaldiak emanen die hasiera UEUren ikastaroei, ekainaren 20an. Digitalizazioak eta Big Datak paradigma aldaketa ekarri dute humanitateen arlora. Euskarazko dokumentuen digitalizazio masiboa, sare sozialen eztanda eta hizkuntza teknologiaren arrakasta dira erroka honen hiru katalizadoreak. Nola eragiten du digitalizazioak humanitateen ikerketan? Zer aukera berri zabaltzen zaizkigu? Horretaz eztabaidatuko dute.
Aurkezpenean Kepa Sarasolak, UEUko Zuzendariak; Irati Iciar-ek, UEUko Udako Ikastaroetako arduradunak eta Edurne Koch-ek, UEUko Nafarroako arduradunak hartu dute parte.
Sarasolak hartu du lehendabizi hitza: «UEU erakunde bizia da. Datorren astelehenean Ikergazte kongresua hasiko da eta bertan Euskal Herri osoko 150 aditu bilduko dira, beraien ezagutza partekatu eta euskarazko ikerketa lehen lerroan jartzeko asmoz», adierazi du. Kongresu horren atarian eman dute hain zuzen ikastaroen berri.
Inoiz baino toki eta elkarlan aukera gehiago
Irati Iciar UEUko Udako Ikastaroen arduradunak xehetasunak azaldu ditu: «36 jarduera antolatu ditugu aurten. Azken urteetan gertatzen ari den bezala, aurten ere 100dik gora ikastaro proposamen jaso ditugu eta aukeraketa egitea zaila izan da, jasotako ideiak oso onak izan direlako».
Iaz irekitako bideari jarraituz, Iruñean Ezpeleta jauregian eskainiko dira udako ikastaroak eta Baionan, Bernat Etxepare lizeoan, barnetegi moduan. Azpimarratu duenez, lankidetzari zukua atera nahian, inoiz baino toki eta elkarlan aukera gehiago sustatu dira antolaketan; honela, zazpi tokitan emanen dira ikastaroak, formatu, prezio eta aukera ezberdinekin.
Iruñeko eskaintza
Edurne Koch UEUren Nafarroako arduradunak Iruñeko ikastaroak aurkeztu ditu: «Lau ikastaro eta jardunaldi bat emango ditugu aurten Iruñean, ekainaren azken astean. Gaien aldetik, beti bezala, aniztasuna nagusi. Udako Eskaintza honekin batera, aldi berean eta azpiegitura, antolaketa eta giroa aprobetxatzeko helburuarekin, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza departamenduarekin 2019rako adostutako ikastaroetako hiru ere eskainiko ditugu, doan», jakinarazi du.
‘Harremanak 3.0: gazteen sexualitatearen esku-hartzea espazio digitalean’, ‘Gaitasunean oinarritutako unitate didaktikoak’ eta ‘Euskararen erabileraren lanketa ikasgeletan HH-LH’ izanen dira debalde emanen diren hiru ikastaro horiek.
Besteak beste, klima aldaketa, ikastolak eta kooperatibismoa eta maitasuna jorratuko dituzte jardunaldietan; ekonomia zirkularra, kultur kudeaketa eta feminismoa eta prekaritateak gazteengan duen eragina, aldiz, ikastaroetan.
Izena emateko epea jadanik irekia dago eta ikastaroa hasi baino astebete lehenago egin ahal izanen da matrikula. Informazioa eta matrikula, www.ueu.eus-en.