INFO

G7aren aurkako ekimenak hartzekoa zen Ficoba abuztu guztian itxiko dutela salatu dute

Biarritzek G7aren hurrengo gailurra hartuko du abuztuaren 24 eta 26 bitartean. G7aren aurkako plataformak ekimenak Irun eta Hendaian eginen zituela jakinarazi zuen, baina orain Irungo alkateak, PSEko Jose Antonio Santanok, Ficoba abuztuan zehar ixtea erabaki duela salatu dute. «Bere boterea erabili du instituzio pribatu bat ixteko eta ekimen soziala oztopatzeko».

G7 aren gailurraren aurkako mobilizazioa. ©Bob EDME

G7aren kontrako plataformak ekimenak Irun eta Hendaian eginen zituela jakinarazi zuen iragan astean Ipar Euskal Herriko instituzioekin eta Irungo instituzio eta eragile ezberdinekin hala adostu ostean. Plan honen baitan, Fikoba hartu zuten duela hilabete inguru eta bertan antolatua zuten hiru eguneko plana.

Orain, baina, bestelako berriak jaso ditu plataformak. «Irungo alkateak (Jose Antonio Santano, PSE) egin dituen gestio batzuk medio, aste honetan jakin dugu Ficobak abuztuan bere ateak ixtea erabaki duela», adierazi dute ohar baten bitartez. Eta hau salatu nahi izan dute: «Ixte honen helburua gailurraren testuinguruan plataformak eta mundu osoko eragile ezberdinek egingo ditugun jardunaldi eta ekimenak oztopatzea da. Irungo alkatearen nahia ekimen hauek oztopatzea izan da argi eta garbi».

Honen aurrean, alkatearen «jukutria» salatu dute, «adierazpen askatasunaren kontrako ekimena baita, bere boterea erabili baitu instituzio pribatu bat ixteko eta ekimen soziala oztopatzeko».

Hala, neurriak hartzea aztertzen ari direla baieztatu dute eta haien konpromisoa berretsi G7aren kontrako gailurra ere Lapurdiren hegoaldean eta Bidasoaldean antolatzeko. «Fikoba eta Irungo eragile ezberdinekin harremanean jarraituko dugu erabakian atzera egin dezaten».

Gailurra Biarritzen izango zela iragarri zenetik, asko izan dira aurka azaldu diren herritar zein kolektiboak eta protestak ere ugariak izan dira, zauritu ugarirekin. Iragan astean Emmanuel Macron, frantziar presidentea, Biarritzen izan zen, gailurretik 100 egunera.