INFO

Euskararen transmisioa eskolaren bitartez jokoan dela salatu dute guraso eta irakasle elkarteek

Ipar Euskal Herriko hezkuntza publiko eta pribatu elebiduneko guraso eta irakasle elkarteek hautetsiak interpelatu dituzte. Gutun bidez «euskararen transmisioa eskolaren bidez jokoan» dela salatu dute, eta «inplikazioa eta sostengua» eskatu diete. Ekainaren 5ean, 15.00etan, mobilizazioa deitu dute Donibane Lohizuneko akademia ikuskaritzaren egoitzaren aitzinean.

Irisarriko eskolan Ikas-bik eta gurasoek egindako protesta. (GuiIlaume FAUVEAU)

Azken hilabeteetan euskarazko hezkuntzaren kontra Pariseko Gobernutik eta Hezkunde Nazionaletik izaten ari diren erabakiei erantzuna da gutuna. Elkarteek «gure hizkuntzaren etorkizunarentzat erabakigarriak izanen diren ondoko hilabeteetan» hautetsien laguntza eskatu dute. Eta batzuekin hitzorduak finkatzen saiatzen ari dira.

Hiru guraso elkarte eta bi irakasle elkarte dira gutunaren sinatzaileak: Ikas-bi eta Biga Bai, eskola elebidun publikoetako guraso elkarteak, Euskal Haziak elebidun katolikoko guraso elkartea, Erakasleak lehen hezkuntza elebiduneko irakasle elkartea eta Euskara geroan bigarren hezkuntza elebiduneko irakasle elkartea.

«Gure lurraldearen berezitasuna da hemen kontuan hartzekoa, eta beraz sail elebiduna erakargarria eta irekia atxikitzearen beharra» defendatzea galdetu diete hautetsiei. Azken 40 urteetan garatu den sistema, etengabe hedatzen ari da. Gaur egun, 10.500 ikasle gainditzen ditu eredu elebidunak, sare publiko eta pribatuan.

Eskualde hizkuntzetan garatutako hezkuntzaren kontrako erasoen aurrean protesta berri bat da hau. Seaskak murgiltze ereduaren defentsan elkartaratzeak antolatu zituen maiatzaren 17an, horri paraleloki hezkuntza elebidunaren aldeko aldarria da hau.

Kalteak hiru eremutan

Heldu den ikasturtean eredu elebidunean izanen diren kalteak zerrendatu dituzte. Lehenik, Euskararen Erakunde Publikoak baldintza onetan lan egiteko finkatu zituen kopuruak ez direla errespetatzen salatu dute. Bigarrenik, Hezkunde Nazionalak haur hezkuntzako hiru eskola publikoetan, murgiltze esperimentazio proiektu eskaerari uko egin dio, lehen aldiz; horren ondorioz sei urtera arteko haurren irakaskuntza euskara soilean egitea ukatzen dute. Azkenik, kezka handia agertu dute ere, heldu den ikasturtean abian emanen den lizeoen erreformari dagokionez, zeinak euskara, eta orokorrean eskualdeetako hizkuntzak, kaltetzen dituen.

Egoerari aurre egiteko elkarteek egin dituzten eskaerak hiru eremu horietan kokatzen dira. Lehen hezkuntzan lan egiteko egoera egokiak ziurtatzea, haur hezkuntzan egiten den murgiltze ereduaren esperimentazioa jarraitzea eta garatzea, eta lizeoen erreformaren moldaketa.