INFO

Denen arteko hezkuntza berri bat egiteko deia, Eskola Publikoaren jaian

«Makina bat taupada» leloarekin ospatzen ari dira gaur Errenterian Eskola Publikoaren jaia. Koldo Mitxelena ikastetxeak eta EHIGEk antolatutako egunean, Euskal Herrian hezkuntza sistema propio bat eraikitzera animatu dute, «ekitatea, inklusioa eta hezkuntza bikaintasuna» bermatuko dituena eta «gaurko publiko-pribatu eredu duala» gaindituko duena.

Errenteriako Eskola Publikoaren jaiaren hasiera ekitaldia. Eragileekin ateratako argazkia.

Koldo Mitxelena ikastetxean, Oiartzun ibaiaren ertzeko plaza estalian, eguzkiaren berotasuna adina sentitzen zen jendearena. Han zeuden urte osoko bide luze eta batzuetan neketsua burutu duten ikasle, langile eta familiak, «koldokideak», euren hitzetan.

Han ziren instituzio, erakunde eta eragile sozial eta politikoen ordezkariak ere. Tartean Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakaria, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia, Mertxe Mugika AEK-ko koordinatzaile nagusia, Cristina Uriarte Lakuako Hezkuntza sailburua eta EH Bildu eta Elkarrekin Podemoseko kideak.

Herritarrekin batera, "makina bat taupada" osatzen dute denen artean.

«Sistema publikoaren ardatza»

Ana Puente EHIGEko lehendariak 1994tik antolatzen duten ospakizun honen xedea oroitu du: «Hezkuntza publikoa sistema publikoaren ardatza dela aldarrikatu nahi dugu». Erantsi duenez, ezinbestekoa da euskararen ezagutza eta erabilera zabaltzeko, «bereziki jatorriz euskara erabiltzen ez duten familietan».

«Sistema ekitatiboa ziurtatzen duen sare bakarra» dela ere azpimarratu du, hunkituta, agur errateko baliatu duen mintzaldian. Euskal Hezkuntza Legeari begira, «eztabaida sanoa lehenetsi dezagun», dei egin du.

Batasunaren eta hausnarketaren jaia

Hala definitu du Julen Mendoza Errenteriako alkateak gaurko jaia. Bi helburu horiek biltzen ditu bere ustez: batasuna, «gai honen inguruan dagoen zatiketa premiaz gainditu behar delako»; gogoeta, «hezkuntza eredu berri bat behar duelako herriak, bakarra, guztiok bilduko gaituena».

Bat etorri da Puenterekin gaur egungo eredua agortua dagoela baieztatzean.

«Elkarren beharra dugu», adierazi du, eta horren adibide jarri du bere herria, Errenteria. Bertan, "Aniztasun zubiak eraikiz" egitasmoan, ikastetxe ezberdinak elkarlanean ari dira jendartearen erronkei nola erantzun adosten.

Pertsonalera etorrita, bi seme dituela kontatu du Mendozak. Koldo Mitxelenako ikasleak dira. Hala erabaki zuten bikoteak eta biek «gizarte honen aniztasunean hezi zitezen». Harro dago erabakiaz ikastolako seme den Julen. «Ikastolari zor diot naizenaren parte handi bat (...). Ezin dut nire bizitza eta herria pentesatu ikastolen ekarpenik gabe. Gustatzen zaizkit, era berean, bisitatu ditudan ikastolen proiektuak», agertu du.

«Herri hezitzaile bat behar dugu, publikotasunean oinarritua», laburbildu du. «Ea elkarri begiratu eta eredu berri eta bakar bat eraikitzeko gai garen».

Legea, komunitatearen babesik gabe hankamotz

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak ere elkarlanaren aldeko hitzak egin ditu, eta Sailak hezkuntza lege berri bat egiteko duen konpromisoa berretsi du, gaurkoak 27 urte dituelako eta berri bat behar delako.

Hezkuntza «komunitatearen babesik gabe, hankamotz» geldituko litzatekeela erran du.

Ekitaldia bastidarrei lekukoa emanez amaitu da, eurek antolatuko baitute heldu den Euskal Eskola Publikoaren Jaia. «Arabar Errioxako proiektua izango da», iragarri dute.

Eta orduan hasi da besta Errenterian barna zabaltzen, sei gunetara. Ondartxon kirola egiten ari dira (bereziki arrauna), Foru Plazan Henna tailerra eta Apaxi ipuin kontalaria egon dira goizean besteak beste. Alamedan janari postu pila bat dago, tartean Zaporeak proiektuarena eta paella erraldoiak. Naizen eta beste makina bat elkarte ezagutzeko aukera dago. Pirritx, Porrotx eta Marimotots ikusteko sekulako jendetza bildu da, denak dantzan... Garaiz zaudete eta, onena, bertaratzea.