INFO

Euskarazko hezkuntzaren aldeko aldarria danbor hotsez helarazi du Biarriztik Parisera Seaskak

Bost mila lagun inguru bildu dira, Poliziak emandako datuen arabera, Biarritzen Seaskak antolatutako danborradan, euskarazko murgiltze sistemaren aldeko aldarria Pariseraino helarazteko. Haur, guraso, irakasle eta euskaltzaleek Macronen gobernuari oroitarazi diote eskatutako 30 lanpostuak ematen ez badizkiete, lortu arte borrokan jarraituko dutela.

Milaka lagunek bat egin dute Seaskaren deialdiarekin Biarritzen. ( GuiIlaume FAUVEAU)

Biarritzen 36 ikastola, lau kolegio eta Bernart Etxepare lizeoko ikasle, langile eta gurasoak elkartu ditu gaur Seaskak, danborren hotsen eta kantuen artean. Danborrada erraldoi horren bitartez Emmanuel Macronen Gobernuari dei egin diote heldu den ikasturterako behar dituzten 30 lanpostuak eman diezazkieten.

Paxkal Indo Seaskako lehendakariak, inoiz izandako egoerarik okerrenean daudela jakinarazi du, behar dituzten postuetatik Hezkunde Nazionalak bost (edo konfirmatu gabeko berrien arabera hamar) besterik ez dizkielako ematen.

Hondartza Handitik abiatu da danbor-martxa, eta Santa Engrazi plazan bukatu da. Hain jendetsua zen ezen danborradaren burua plazara iritsi denean, oraindik ikastola anitzetako umeak irteeran ziren.

Bukaerako hitzartzean Maia Etxandi Ipar Euskal Herriko eskolarteko txapelduna, Paxkal Indo Seaskako lehendakaria eta Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakaria mintzatu dira. 

Indok, bere mezua Gobernuari zuzendu dio, euskarazko hezkuntza defendatuz, eta horren gibelean dagoen urtetako lana eta borroka oroitaraziz.

Baxoa eta Brebeta azterketak euskaraz egin ahal izatea ere aldarrikatu du: «Euskaraz ikasi nahi dugu, eta azterketak ere euskaraz egin nahi ditugu». Mezua ere horrela borobildu du: «Euskaraz biziko gara Parisek nahi ala ez».

Murgiltze sistemaren aurka Paristik zabaldu diren mezuei erantzun die Indok. Hala, ikastoletatik ateratzen diren ikasleak eleaniztunak direla eta ez elebakarrak arrapostu egin dio, zuzenean Jean-Michel Blanquer Hezkuntza ministroak egin adierazpenei erreferentzia eginez.

Etxandik irakasleen beharra nabarmendu du, «nahiz eta batzuek ahantzi», eta horiek lortu arte jarraitzeko deia egin du: «Segi dezagun borrokan nahi duguna lortzeko».

Tellituk Euskal Herriko ikastola guztiak Parisi begira daudela jakinarazi du, eta urtero horrelako gatazka ezin dela izan salatu du. Hezkuntza ministeritzaren izpiritua ere agerian eman du: «Guretzat pozgarria den hazkundea, Gobernuarentzat kezkagarria da».

Lanpostuak lortzeko borroka

Orain arte Hezkunde Nazionalak 5 postu besterik ez dizkio eman Ikastolen Federazioari. Gobernuarekin negoziaketetan ari diren parlamentarien arabera 10era arte handituko litzateke kopurua. Baina lanpostu horiekin hurrengo ikasturteari ezin diotela aurre egin nabarmendu du Indok. Gehienez 13 lanpostu ordaindu ahal izanen lituzke federazioak, baina horrela ez da aski, beste 7 lanporturen finantziazioa eskas baita oraindik.

Ekainaren 28a da azken epea heldu den ikasturteari begira lanpostuak lortzeko, egun horretan egingo baita federazioaren biltzar nagusia. Data hori baino lehen negoziaketek aurrera eginen dutenaren esperantza agertu du presidenteak.

Duela urte eta erdi sinatu gabeko hitzarmena baldintza horietan ez dutela sinatuko ere jakinarazi du Indok. Federazioak Hezkunde Nazionalarekin duen hitzarmenaren baldintzak ez dituela betetzen eta ukatu zion sinatzeari Seaskak.