Frankismoaren krimenen aurkako kereila aurkeztu du Andoaingo Udalak epaitegian
Frankismoak iraun zuen bitartean gauzatu ziren krimenen aurkako kereila aurkeztu du gaur Andoaingo Udalak Tolosako epaitegian, Udalbatzak aho batez onartutako mozioaren mandatua jarraituta.
Andoaingo Udala frankismo garaiko testigantzak biltzen aritu da azken hilabeteetan Oroituz memoria taldearen laguntzarekin, eta horiek aintzat hartuta, epaitegietan kereila jartzea erabaki du Udalak, ohar batean jakinarazi duenez.
Frankismoak iraun zuen bitartean gauzatutako krimenen aurkako kereila aurkeztu du gaur Andoaingo Udalak Tolosako Epaitegian.
— Andoaingo Udala (@AndoaingoUdala) 2019(e)ko ekainaren 12(a)
1936-1970 urte bitarteko gertaeren testigantzak biltzen aritu den Oroituz taldearen laguntzaz, eta horiek aintzat hartuta, jarri da kereila. pic.twitter.com/f8fOrnewGj
Ekimen honek 2017ko uztailean Udalbatzak aho batez onartutako mozio batean du jatorria. Mozio hartan frankismoak Andoainen egindako krimenak jasoko lituzkeen txosten bat egitea adostu zen eta Oroituz taldeak hartu zuen txosten hori egiteko ardura.
Memoria taldeak 1936-1970 urte bitarteko gertaerak jaso ditu. Txostena bukatzearekin batera, bi kereila kriminal aurkeztea erabaki zen: bat Argentinan, bertan irekita dagoen prozedura judizialaren baitan, eta bestea Tolosako epaitegian.
Azken honetan, gaur bertan egin da kereilaren erregistroa. Andoaingo Udalarekin batera, bertan izan dira Oroituz taldeko hainbat kide eta frankismoko hainbat biktima ere bai. Kereila honekin frankismoaren biktimen erreparazioan urrats bat eman nahi izan du Udalak.