INFO
Elkarrizketa
ITZIAR ALKORTA IDIAKEZ
EHU-REN UDAKO IKASTAROEN ZUZENDARI AKADEMIKOA

«Iraunkortasunean munduko erreferente bihurtzea nahi nuke»

Donostiarra da Itziar Alkorta; Zuzenbide Zibileko irakaslea da EHUn eta biomedikuntza arloko giza eskubideei buruz ikertzen du. Unibertsitate eta Ikerkuntza sailburuordea izan zen Lakuako Gobernuan (2013-15). Eusko Ikaskuntzako bazkide da eta Jakiundeko idazkari nagusi izan zen (2010-11). Europako Batzordean jardundakoa ere bada. Carmen Agouesi hartu dio lekukoa EHUren Udako Ikastaroen zuzendari gisa, kalitatearen eta zabalkundearen alde lan egiteko asmoz.


Itziar Alkortak ikasle eta irakasle gisa ezagutzen zituen EHUren Udako Ikastaroak, eta zuzendari hasi denean «ikaragarrizko sorpresa-kutxa aberatsa» ireki du, logotipoan azaltzen den marrazkia bezalakoa. Elkarrizketa ere halakoxea izan da; goxoa, leiho baten antzekoa.

38. edizioa hasi berri duzue. Jada erreferente da Miramar jauregia. Baina kanpora zabaltzen ari zarete.

Bai, gero eta ikastaro gehiago egiten da kanpoan, batez ere Bizkaian. Araban ere egiten dira, Nafarroan bi eta Iparraldean hiru. Helburua zabaltzea da, ez bakarrik fisikoki. Sareetan eta interneten presentzia handiagoa izan nahi dugu. Horretarako eduki nagusia orain arte online ikastaroak izan dira, baina konturatu gara badagoela gai bat azkeneko urte hauetan ardatz transbertsal bihurtu dena, oso argia: iraunkortasuna. Horri buruz aurten dauzkagun 18 ikastaroekin eta BBVAren laguntzaz ekarriko ditugun iraunkortasun mailako Nobel saridunekin, iraunkortasun foro bat eskainiko dugu, ez soilik presentziala. Interneten posizionatu nahiko genuke, eta edukiak urte osoan eman. Aurki egingo dugu aurkezpen ofiziala.

Badaude ikastaroetan maiz agertzen diren beste gai batzuk; Europar Batasuna, feminismoa eta brexita kasu.

Multzo oso kontsolidatuak dira horiek, baita bioetikarena ere. Adibidez, bizitzaren azken uneetan dauden pertsonen eskubideak zeintzuk diren azalduko digu Arartekoak. Mundu mailako adituak ekarriko ditugu, medikuntza, filosofia zein zuzenbidekoak. Testigantzak ere entzungo ditugu. Momentu honetan lege ekimen batzuk daude martxan eta ikastaro honek inpaktua izango du alde horretatik ere, alde batera edo bestera egin dezaketelako. Bioetikarekin lotuta, Big Datarena ere puri-purian dagoen erronka da. Osasun sistema asko ari dira historia klinikoen datu guztiak plataforma batean biltzen, anonimotasunean, horien gainean ikertu ahal izateko. Horrek pribatutasunarekin lotutako erronka itzelak dakartza. Nola partekatu publikoki ikerketa horren ondorioak? Badira farmazia enpresak izugarrizko dirutza ordaintzeko prest. Beste ikastaro bat zelula eta ehunen bioinpresioari buruzkoa da. 3D inpresorak erabiliz zelulak eta ehunak sortzen ari dira osasun arazoak sendatzeko.

Eztabaidarako gaiak jorratzen dituzue beti.

Hain zuzen ere. Bi alde dituzte. Topagune gara eta funtzio bat daukagu: gizarteak unean dituen erronkei erantzuteko baliabideak ematea. Eztabaidarako plataforma eta ideiak bideratzeko gune bilakatu gara. Hori da, seguru asko, gizarteari ematen diogun zerbitzuan baliorik inportanteena. Oso modu atsegin eta gertukoan topatzen dira mundu mailako adituak eta hiritarrak, gai batzuen gainean egunean jartzeko eta eztabaidatzeko. Giroa bereziki plurala eta, nire ustez, egokia da gai askori buruz eztabaidatzeko.

Aste honetan robotika sozialaren ikastaroan parte hartu dut eta hala izan da. Borobilean eserita egon ginen eta irakaslea bat gehiago zen.

Harresi asko erortzen dira. Akademiaren zurruntasun horrek batzuetan beste maila bateko eztabaida eragozten du eta hemen ez da hori gertatzen. Horizontaltasuna lantzen dugu. Jakintza eta eztabaidarako gune horizontal irekia izan nahi dugu. Ezagutza partekatu egin behar da eta denok daukagu ezagutzaren zati bat. Adituak bere funtzioen barruan dauka ezagutza partekatzea. Plataformak eskaini behar dira partekatu ahal izateko, gizarte gero eta informatuago, formatuagoaren eta iritzi egituratuagoen bila joan behar dugulako. Hori ere bada unibertsitatearen zeregina, leiho ireki bat izatea. Euskal gizartearen topagune gara eta intereseko gaiak modu horizontal batean planteatu behar ditugu. Nahi duen guztiak dauka tokia mahai horren inguruan.

Ikastaro ibiltariekin 20 bat herri pasatuko dituzue.

Denak dira politak, baina badira batzuk azpimarragarriak: zientziaren gune historiko izendatu zuten iaz Bergara eta bertan ospatuko dugu taula periodikoaren urteurrena, Elhuyar anaiek oso ekarpen inportantea egin ziotelako taulari 1883an, wolframioa. Beasainen, bestalde, alzheimerra ikertu dute eskualdean eta herritarrekin partekatuko dituzte emaitzak. Beste ikastaro batean, oinez ibili eta ikasi egingo dute aldi berean, pentsalari peripatetikoek Grezia klasikoan egiten zuten gisan; Donibane Lohizunetik Donostiara joango dira. Zahartze aktiboko adituekin egingo dute bidea erretiratuek, hitz eginez eta eztabaidatuz ikasiz, hiru egunez. Matrikula berehala itxi genuen; arrakasta handia izan du.

Jarduera irekiak ere erakargarriak dira, Ramon Saizarbitoria eta Harkaitz Canorekin.

Omenalditxo bat egingo diogu Ramon Saizarbitoriari ‘Egunero hasten delako’ nobelaren 50. urteurrenean. Harkaitz Canok, aldiz, ‘Literatura mutanteak’ errezital-performancea egingo du, non aldi berean pertsona bat tatuatuko dugun [irriz aitortu digu ez dakiela oraindik Cano bera ala beste bat izanen den tatuatua]. Badago hirugarren bat, non Cesar Bona mundu mailako irakasle errekonozituenak gazteen garapen neuronala eta jarduera pedagogikoa nola uztartu azalduko duen.

Zer ekarpen egin nahi diezu zuretik ikastaroei?

Hasteko, aurrekoei aitortza egin nahi diet. Beraiek bezain ondo egin nahiko nituzke gauzak. Etorkizunera begira ikastaro hauek balio handia daukate eta seguru asko nazioartean posiziona ditzakegu orain baino hobeto, eduki zehatzen bidez. Horietako bat iraunkortasuna izango da. Topagune irekia izateaz gain, mundu mailako erreferente bihur gaitezke iraunkortasun gaietan posizionamendu hori lortzen badugu. Hori egin nahi nuke, batez ere gazteei begira. Badago belaunaldi arteko arrakala bat oso kezkagarria eta guk horretarako balio dugu, adituak, herritarrak eta gazteak, ondarea jasoko dutenak, elkarrizketa eta adostasun handi batzuetan biltzeko. Egiten dira kongresuak, baina seguru asko ez dago plataforma horizontalik hiritar, aditu eta belaunaldiek batera hitz egiteko mahai baten inguruan. Horretarako aukera ireki nahi genuke. Ezinbestekoa iruditzen zaigu.

191 ikastaro dituzue. Horietatik zenbat dira euskaraz?

Euskarazko eskaintza hazten doa. Aurten 20 ikastaro ditugu euskaraz eta, kopuruaz gain, ikusten ari gara duela urte batzuk, zoritxarrez, kosta egiten zela ikastaro horietan 40 laguneko taldeak osatzea; aldiz, orain, askoz naturalago osatzen ditugu taldeak. Hortaz, euskarazko ikastaroak kontsolidatzen hasi direla uste dut. Ez hori bakarrik; euskal kulturarekin zerikusia duten ikastaroak ere egonkortuak daude. Ingelesez pare bat dauzkagu eta frantsesez ere badugu bat. Eleaniztun gara. Gero eta gutxiago dira hizkuntza harresi bezala ikusten dutenak eta hori gizarte mailan ikaragarrizko aberastasuna da.