INFO

Urrutikoetxea berriro atxilotu izana ulergaitza dela uste dute EH Baik eta EH Bilduk

«Gure haserrea adierazi nahi dugu ohar honen bidez. Ez dugu ulertzen, Josu Urrutikoetxea kontrol judizialpean aske utzi ostean, berriz atxilotu izana Euroagindu eskaera batengatik. Erabaki guztiz ulergaitza da», adierazi dute ohar bateratu batean EH Baik eta EH Bilduk. Era horretara, frantziar eta espainiar Estatuei «bakearen aldeko urrats definitiboak egin ditzaten» exijitu diete. Josu Urrutikoetxearen aurkako euroagindua bertan behera gelditzea eta berehala aske uztea exijitu dute.

Josu Urrutikoetxea, artxiboko irudi batean. (Gari GARAIALDE/FOKU)

EH Baik eta EH Bilduk Josu Urrutikoetxearen atxiloketa honek Euskal Herrian «bizi dugun bake prozesuarekin» ez duela bat egiten, ez orain dela ordu batzuk hartutako erabakiarekin. Koalizioentzat, «erabaki politiko honek frogatzen digu oraindik ere badela gatazka eta bere konponbidea etekin politikoa erdiesteko helburua dutenik» eta oraindik gatazkaren irtenbidea «galtzaileen eta garaileen» logikan ulertzen dutenak badaudela nabarmendu dute.

«Bada, oraindik ere, bakea eta demokrazia soilik bere ikuspegitik eta bere interesetarako ulertzen dutenak. Horren erakusle da arratsalde hontako atxiloketa», azpimarratu dute oharrean.

Gainera, EH Baik eta EH Bilduk Euskal Herriko gizarte zibilaren zein eragile politikoaren gehiengoak, behin eta berriz, bake prozesuaren aldeko apustua berretsi dutenean, estatue  testuinguru berri honek eskatzen duen aldaketa egiten ez dutela salatu dute. Horren harira, frantziar eta espainiar estatuari zuzendu dira beste behin ere, «bakearen aldeko urrats definitiboak egin ditzaten».

Azkenik, Josu Urrutikoetxearen aurkako euroagindua bertan behera gelditzea eta berehala aske uztea exijitu dute.