Emakumen Pilota elkartea (EPE), emakumeen pilota era duinago eta justuagoan egituratzeko taldea sortu dute
Euskal Herriko 80 emakume pilotari inguru batzen dituen erakundea aurkeztu dute gaur Azkoitian
Azken lau urteotan emakumeen esku pilotak izan duen loraldian emakumeek «zer esan handia baina esateko gutxi» izan dutela ikusita, EPE, Emakume Pilotarien Elkartea sortu dute Euskal Herriko 80 emakume pilotari federatu inguruk.
Patri Espinar eta Maider Mendizabalek Azkoitian eman duten prentsaurreko jendetsuan azaldu dutenez, emakumeen pilota egituratzeko eta pilota duinago eta justuago bat sortzeko prozesuan emakume pilotariak eurak izan daitezen protagonistak. Emakumeen pilota «bultzatzea, kudeatzea, erregulatzea eta egituratzea», «gizartearentzat ikusezin diren jokamoldeak plazaratu eta ezagutarazi, besteak beste, gomazko paleta ezker horman eta paleta argentinarra trinketean» eta «pilotaren erreferenteak izatea» da elkarte berri honek bere sorreran jarri dizkioten helburuak.
Elkartea 80 bat emakume pilotariz osatua dago, paleta –ezker horma eta trinketea– eta esku pilotako jokamoldeetan dabiltzanak eta zesta puntakoetara ere zabaltzea da asmoa.
Abian jarriko dituzten ekintzei dagokionean, federazioekin eta pilota sustatzen duten erakunde publiko eta pribatuekin hitzarmenak sinatu nahi dituzte eta dagoeneko harremanetan jarriak dira lehiaketa egutegi egoki bat lortzeko, bi edo hiru modalitateetan aritzen diren pilotariek jokamolde guztietan aritu ahal izateko.
Herri desberdinetan jaialdiak antolatzeko asmoa ere badute, hori bai, bertan aritzen diren pilotarientzat baldintza duin batzuk bermatuz.