INFO

Herritarrek Irungo alarde parekidea babestu dute, baina alkateak ez

San Martzial eguna ari dira ospatzen igande honetan Irunen eta aurten ere alarde parekidekoak parte hartze jendetsua espero zuen. Herritarrek txalo zaparrada artean harrera egin diote alarde parekideari baina Jose Antonio Santano Irungo alkateak ez dio harrera egin, iaz bezala.

Mila pertsonetik gora parte hartu dute Irungo alarde parekidean. (Jon URBE/FOKU)

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


Beste urte batez, alaitasuna eta ilusioa arnastu daiteke Irunen. San Juan Plazan sartu da alarde parekidea eta harrera beroa egin diote herritarrek. Iaz hogei urte bete zituen inoizko parte hartzerik handienarekin.

Jendea bide bazterretan biltzen hasia zen eta 10.20etan hasi den desfileari txalo zaparradarekin harrera egin diote, duela hogei urtez geroztik jaiak berdintasunean bizitzeko eskubidearen alde jardun duten emakumeei eskerrak emanez. Bitartean, alarde parekide osatzen duten konpainiek auzoetan desfilatu dute, ondoren Urdanibia Plazan batu eta San Juan Plazara iristeko.

Bertan, EH Bilduko zinegotzia den Oihana Brionesek eman dio herriko bandera alarde parekideari eta Elkarrekin Podemos, IU, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko PSEko kide batzuekin batera –Irungo PSEko kideak ez dira gelditu– ez dute huts egin. Ararteko erakundearen eta Emakunderen ordezkariek ere harrera egin diete alarde parekideko kideei.

«Herriko festak kohesiorako gune dira eta  mendeetan zehar une bakotzaren beharretara egokitzen joan dira. Azken egunetan ikusi dugu Gipuzkoako haibat herrietan, Tolosan edo Andoainen, adibidez, emakumeen parte hartzearen bidean moldatu direla. Zentzu honetan, duela 20 urte, Irunen, emakumeei bidea zabaldu ziguten guztiei eskerrak ematera etorri gara», adierazi du Brionesek.

Juan Carlos Izagirrek, aldiz, ordezkaritza instituzionala «oso garrantzitsua» dela nabarmendu du, Irungo alkatea, diputatu nagusia eta lehendakaria «faltan botatzen dugula» gaineratuz.

Izan ere, Jose Antonio Santanok ez dio harrera egin aurten ere alarde parekideari, alarde baztertzailea amaitu denean balkoitik alde egin duelako. Protesta moduan, Irungo alkatearen irudi bat atera dute hainbat lagunek.

Horrela, Irungo EH Bilduk alarde parekideak merezi duen aitorpena ematea eskatu dio Udalari eta Ezker Anitza Bidasoak, aldiz, «gizartearen zati batekin baztertzailea den alardea ez babestea» exijitu zion. Santanok harrera egin zion alarde «tradizionalari», non 8.000 pertsonek pare hartu egin duten 7.40etan Urdanibia Plazan hasi den ekitaldian. Mila pertsonek, aldiz, Maite Vergara kapitain gisa estreinatzen zen alarde parekidean.