Euskal selekzioa onartzeko eskaera aurkeztu dute Nazioarteko Pilota Federazioaren aurrean
Pilota munduko hainbat pertsonaia esanguratsu Iruñeako bulegoaren aurrean bildu dira, Euskal Pilota Federazioa Nazioarteko Federazioan eskubide osoz onartua izan dadila eskatuz.
Pilota munduko hainbat pertsonaia esanguratsu Nazioarteko Euskal Pilota Federazioaren bulegoetara hurbildu dira gaur arratsaldean, Iruñean, Euskal Pilota Federazioa Nazioarteko Federazioan eskubide osoz onartua izan dadila eskatuz. Eta ondorioz, euskal selekzioek nazioartean ofizialki lehiatzeko duten eskubidea onartu dezala eskatuz eta aldarrikatuz.
Eskaera babesteko, pilota munduko ordezkaritza horrek prentsa dossier bat aurkeztu nahi zuen Nazioarteko Federazioan, azken hilabeteetan zer esan handia eman duten hainbat albiste eta gertaera bertan bilduz.
Esaterako, Bixintxo Bilbaori egindako elkarrizketa bat, Munduko Txapelketan ikurrina erakusteagatik jaso zuen zigorrak sortu zuen zalaparta eta haserrearen ondotik; Dunixe Larralderi egindako beste bat, 1990an arrazoi berdinagatik bi urteko zigorra jaso zuen pilotaria; eta orain gutxi Espainiako selekzioari uko egin dioten trinketisten adierazpen batzuk.
Gaur arratsaldeko ekitaldian bulegoa itxita aurkitu dute, eta azkenean ezin izan dute momentuan bertan utzi dossierra, baina bultzatzaileek jakinarazi dutenez Nazioarteko Federazioarekin harremanetan daude eta datorren astean aurkeztuko diete edukia.
Ekitaldian parte hartu duten ordezkarien artean egon da Dunixe Larralde, eta berak frantsesez irakurri du Nazioarteko Federazioari zuzendutako eskaera. Iera Agirre pilotariak irakurri du erdarazko bertsioa, eta Gotzon Enbil Euskadiko Pilota Federazioko presidenteak euskarazkoa.
Enbil da eskaera formala sinatzen duen ordezkari nagusia, baina berarekin batera Iker Gereta, Arabako Pilota Federazioko presidentea, eta Andoni Lertxundi, Gipuzkoako Pilota Federazioko Presidentea –ezin izan du Iruñean egon– sinatzaileen artean daude. Baita Jean-Michel Garayar, Iparraldeko Pilota Komiteko presidentea ere –Mikel Larraldek ordeztu du aurkezpenean–. Bizkaiko Federazioak azkenean ez du sinatu.