INFO
Elkarrizketa
KATTIN, JOANA ETA EKAIN
30 URTE KARTZELAN EGITEKO BIDEAN DEN XISTOR HARANBURUREN SENIDEAK

«Leize ilun batean gaude oraindik, baina nahi genuke bestaldean argi izpia ikusi»

Senpereko ostatu batean eman genuen hitzordua, baina herriko bestak tartean, familiaren etxearen goxotasuna hobetsi genuen ibilbide gogorra hitzez betetzeko. Hiru solaskide, kartzelako ibiltariak hirurak, baita esperantzaren lekukoak ere.

.

Joana Haranbourek zortzi urte zituen bere aita atxilotu zutenean. Bere buruan gorde zituen mahaiaren bestaldean berari beha dagoen Ekain semeak gaur egun pausatzen dizkion galderak. Hirukotea osatzen duen Kattinek kontatu duenez, 1990ean, senarra atzeman zutenean, «dagoeneko bananduak baginen ere, berehala deliberatu nuen familia bezala erantzungo geniola gainean etorri zitzaigun egoera latz horri». Uztailaren 5ak zabaldu dezakeen leihoa amets, iraganari begira hasi dugu solasaldia, jakinik ere arantzaz beteriko kontakizuna etor lekigukeela bueltan. «Aspaldi leize batean sartu ginen eta aterabidea ez dugu oraino atzeman; alta, nahi genuke bestaldean argi izpia ikusi», laburbildu du Joanak.

Herriko bestetan elkartu gara. Urrun direnak oroitzeko data berezia, baita denboraren igarotzea neurtzeko ere, agian.

Joana: Hainbeste urte pasa dira... aldaketa handiak izan dira. Giro ezberdinak ezagutu ditugu. Lehen egiten ziren elkarretaratzeak, bazkariak... Presoak gazteak direnean, sostengua berehala dator, baina adinean sartuak diren presoen kasuan dena aldatzen da. Familia, ezagunak... beraiekin batera zahartzen dira, eta gaztetako lagunak barreiatzen dira. Altsasuko gazteen alde milaka jende ikusi ditugu karrikan, eta hori pozgarria da oso, baina kasik 30 urte kartzelan bete duen preso baten aldeko elkarretaratzean ehunka jende batzuk soilik biltzeak zer pentsatu ematen du. Alta, jendea ez bada inarrosten, ez nire aita askatzeko soilik, baizik eta preso politiko guztiak etxeratzeko, zaila da aurrera egitea, erabakiak politikoak direlako, eta herritarrok behar dugu etengabe pusatu.

Kattin: Agian bada joera bat bake prozesua martxan delarik ez dela gehiago karrikara jauzi behar pentsatzeko. Eta ez dugu gogoan hartzen 30 urte kartzelan ematea zer den… Ez dut gure familiaz hitz egiten, gurea aspaldi Lannemezanen dago eta bisita asko ditu. Baina atzematen dut ez dela sobera erraten hau zaila, oso zaila izan dela.

Kartzela ibilbidea hitz gutxitan marraztea bezain zaila.

Kattin: Xistor Paris, Marseilla.. inguruan izan zenean, umeak txikiak ziren, amatxi behar zen eraman, nik lan egiten nuen… eritasun bat etorri zitzaidan eta ezin izan nuen segitu. Kilometroak eta kilometroak... Lannemezanen errazago dira gauzak. Halere, ibilbidea luzea izan da, eta oraino ez da amaitu.

Joana: Hori da zailena, biziarteko zigorra delarik datarik ez dugula. Nik inoiz ez dut ahal izan aitaren irteera datari begira jarri. Saiatzen naiz Eneko horretaz konturatzea, bera uztailaren 5ko datari atxikia delako, uste baitu aitatxi etorriko dela etxera, eta zaila da hitzak atzematea esateko hori ez dela horrela, nahi dugula, baina ezin dela deus ziurtzat eman, deus, erabaki politikoaren menpe baita dena. Izaten ahal da uztailaren 5ean, edo 2020an, edo 2030ean. Guk gaurkoa bizi behar dugu, biharkoa noiz helduko den ez dakigulako.

2013an aurkeztu zen lehenengo askatasun eskaera. Alta, oraingo dosierra ikusita, aldea bada.

Joana: Hor ez da zer esatekorik. Eta argi daukagu inoiz ez genukeela lortuko halako dosier ona aurkeztea politikoki ez balitz hainbeste aitzineratu. Nik esperantza hori dut. Baina berriz diot: behar da kalean mugitu, herria azkartu. Gu ez bagara gehiago mugitzen, elkarrizketa politikoek soilik ez dute dena lortuko. Bihar behar genuke asko izan karrikan, presioa emateko. Aitarentzat hitz egiten dut, bistan da, baina preso politiko guztiek merezi dute gu denok mugitzea, ez gelditzea lasaiki, indibidualismoan kulunkatuz. Niri pertsonalki horrek egiten dit min gehien. Delegazioa badugu Parisen, baina horiek gure sostengua behar dute, eta beraiek laguntzeko guk behar dugu gehiago mobilizatu!

Kattin: Ion Paroti eman zioten azkeneko ezetza oso gaizki hartu nuen. Benetan kolpe handia hartu nuen. Behin eta berriro, gure herrian gertatu diren aldaketak ez dituzte aintzat hartzen, eta betiko leloak entzun behar ditugu, gainera. Horrek zeozer egin zidan barrenean. Kezkatua naiz, biharko datari begira, baita handik harago ere.

Lannemezango kartzelako zuzendariak berak Xistorren askatasun eskaera babestu zuen bere presentziarekin auzian.

Kattin: Erabat harrituta gelditu nintzen, eta, bai, bada zerbait.

Joana: Kartzelako zuzendariak egunero ikusten du presoa. Nire aitak 20 urte daramatza Lannemezanen. Galdetzen badiozu edozeini zer pentsatzen duen ogia erostera joaten denean... zer esango dizu? Bere eguneroko bizitza dela. Hala da aitarentzat Lannemezan, hala da guretzat kartzela horretan sartzea. Denok ezagutzen gaituzte. Kartzelako zuzendari batek sinesten duenean preso batek kalean izateko baldintzak betetzen dituela, zer gehiago esan daiteke? Jarrera horrek berak erabaki politiko baten aurrean gaudela erakusten du. Dosierrik onena aurkeztu dugu, legeak agintzen dituen urrats guztiak egin ditugu. 65 urte ditu aitak, bihartik aurrera ez badio askatasuna berreskuratzeko datarik ematen heriotza zigorra ezarri diola asumitu beharko du Frantziak.

 

Ekain: «Aitatxiren ganbara guztiz prestatu ez badugu ere, lasai nago, mahaian justu sei toki ditugulako»

Gexan anaiak eta berak Xistor noiz ezagutu zuten galdetuta, Ekainek zalantzarik ez du: «amaren sabelean nintzenetik joan naiz aitatxi ikustera». Lehen puntua jarrita, 9 urteko bertsolaria ez da gelditu.

Nolakoa da kartzela, Ekain?

Lehen beti entseatzen nintzen poliziei gakoak hartzen. Baina orain kasu egiten dut, poliziek ez dutelako hori maite. Pozik noa aitatxi ikustera, baina ez dut maite gehiegi goiz altxatzea bidaia egiteko. Hango liburuak eta jokoak gogotik ezagutzen ditut, eta bisita luzea denez jostatzen dugu anitz, baina nahiago nuke kanpoan piknikatzea aitatxirekin. Nik batzuetan negar egiten dut, bera joaten delarik, baina irri ere egiten dugu.

 

Zuk zer kontatzen diozu Xistorri bisitan, Senpereko berriak?

Kontatzen diot manifa egin genuela Senperen, eta Biarritzen jende lerroa [giza katea] osatu genuela. Eta nik espero dudala uztailaren 5ean etxera etorriko dela, baina nire amak esaten didala ez dela batere ziur gauzak hala pasatuko direnik eta itxaron behar dugula.

Bertso polita idatzi diozu aitatxiri.

Biziki bertsozalea da aitatxi, baina ehiza ere maite zuen gazte zelarik. Bon, ez dut uste oreinak hil zituenik, baina bertze abere ttipiago batzuk bai omen. Berak nahi ditu gauza asko egin nirekin. Aaa... behin amak kontatu zidan Amets Arzalluz ere joan zela Xistor ikusterat. Horregatik, nik ere bertsotan egiten dudala jakin zuenean, biziki kontent jarri zen aitatxi.

Ikastolako lagunek zer esaten dizute?

Aitatxik nire adina hiru aldiz baino denbora gehiago du kartzelan. Aski da hori. Nire ikastolako lagunek hori esaten didate. Beti galdetzen dute: askatua da? askatua da? Eta nik: ez oraino. Beraiek nahi dute aitatxi askatzea. Gure herrian jende anitzek nahi du Xistor libre izatea.

Nola prestatzen da buelta?

Joana: Txikitatik pentsatu izan dut egun batean aitak deituko zidala, gutxien espero nuen mementoan, eta ez nuela denborarik izanen aitzinetik deus prestatzeko. Beti izan dut hori gogoan... eta orain ere horrela gertatuko dela sentitzen dut. Nola prestatu burua ez dakizunean noiz izanen den etxean? Ekainek esaten du aitatxik lo egiteko ganbara behar dela prestatu, baina horretan daude... gehiegi aitzineratu gabe.

Kattin: Urte hauetan guztietan dena egin dugu Xistor laguntzeko, eta izan dugu sostengua Senperen, Euskal Herrian. Geroa ere batera prestatuko dugu, nahiz eta erraza ez dela jakin badakigun.

Ekain, zuk kezkaren bat baduzu?

Etxera etorriko delarik, aitatxik gauza anitz nahi ditu egin. Berdin surfa egiten ikasiko du, eta ziur oihanean egurrezko kabanak (etxolak) eginen ditugula. Erleak ukanen ditugu agian... Berak hori dena kontatu dit, beraz eginen dugu. Oraino behar dugu ganbara prestatu, bai, baina Gexan eta biok badakigu nola egin. Gainera, orain bost gara etxean eta gure bazkaltzeko mahaiak justu sei toki dituenez, horretan arazorik ez da. M.U.