Palestinako emakumeak, erresistentziaren begiak
Uztailaren 12an iritsi zen Askapenako Brigada Feminista Palestinara eta bertatik igorri digute emakumeek Palestinan pairatzen duten zapalkuntza aletzen duen lehen kronika.
Palestinaren askatasunaren aldeko borrokak urteak bezainbat ertz konplexu ditu, batik bat emakumeek pairatzen duten zapalkuntzari dagokionean. Ez da egoera berdina 48ko lurraldeetan bizi direnena, Gazan bizi direnena, edo Zisjordanian; Jerusalemen bizi direnena, edo Bethlehemen; Hebronen, edo Ramallahn. Israelen okupazioak forma desberdinak hartzen ditu, Zisjordania kasu, hiru zonaldetan banatuta dago: A eremuaren gehiengoa Palestinar Autoritate Nazionalaren (PAN) kontrolpean dago; B eremuan PAN-ak kontrol zibila duen bitartean, Israelekin partekatzen du kontrol militarra, eta C eremua Israelek kontrolatzen du guztiz.
Tokian tokiko okupazioaren aurrean antolatutako borrokan, emakumeen antolakuntzak garrantzia berezia hartzen du gizartea eraldatzeko duen gaitasunagatik. Ezagutzeko asko geratzen bazaigu ere, hona orain arte ikusi eta ikasitakoaren hurbilpen bat.
Bethlehemeko Aida errefuxiatu gunea 1948ko ‘Nakba’ edo hondamendian Israelek kanporatutako 6000 palestinarrentzat sortu zuen UNRWAk. Gaur egun oraindik bertan bizi dira. Israel apartheidaren harresia eraikitzen hasi zen II. Intifadaren ondoren, besteak beste, Aida Camp guztiz inguratu arte. Oinarrizko beharrizanak asetzeko eskasiak, adibidez urak, mugimendu askatasun ezak eta egunerokotasuneko konfrontazioak ezaugarritzen du. Aidako umeentzako hezkuntza politikorako espazio kultural propio baten behar izanaz jabetuta, bertako emakumeek Amal Almustakbal zentroa sortu zuten, 1987.urtean.
Bertako egoera politiko eta sozioekonomiko gogorraren ondorioz, antolakuntza, borroka eta erresistentzia gune indartsua da Aida. Emakume aritu baten ahotik jaso ditugu borrokaren gazi-gozoak. Haren esanetan, emakumeei betidanik egotzi izan zaien rola ezinbestekoa izan da erresistentzia armatuaren sostengurako. Gogora dakartza nola zaintzen zituzten emakumeek kaleak, soldaduak gauez errefuxiatu gunera sartzean palestinarrak bide seguruetatik gidatzeko. “Erresistentziaren begiak ziren”. Oro har, hasiera batean esparru publikoan emakumearen parte-hartze politikoa baxua izan arren, gerora, borroka armatuaren lehen lerroan agertzen eta bi esparruak uztartzen hasi ziren. Honela, errefuxiatu gunean hazi eta hezi dira nazio askapenerako borrokan parte hartu duten emakume esanguratsuak, haietako batzuen izena darama Amal Almustakbal zentroak.
Oinarrizko beharrizanak asetzeko burujabetza falta palestinarren arazo nagusienetariko bat da. Honen aurrean emakumeak antolatzen hasi ziren besteak beste hezkuntza, osasun eta aisialdi arloetan, Beit Sahourreko Arab Women Union-ek egin bezala. Bestalde, Union of Palestinian Women Committees-ek ahalduntze politikoan lan egiten du 200 herrietako emakume palestinarrak saretu eta antolatuz, esateko, Hebronen.
Hebroneko gatazka guztiaren muinean dago alde zaharraren kolonizazioa. Ezagunak egingo zaizkizue bertako argazkiak: behin merkataritza gune ziren bizi handiko kaleak hutsik, eta oraindik bizirik mantentzen diren kaleak estaltzen dituen sarea, goiko pisuetan bizi diren kolonoek palestinarrei jaurtitzen dieten zaborretik babesteko. Hebronen bereziki palestinarrek jasaten duten kolono eta militarren jazarpenak ez du parekorik. Eguneroko biolentzia kudeatu eta aurre egitea helburu estrategikotzat du UPWCk. Horretarako, emakume taldeak dituzte, ikasleak eta langileak boteretzeko lan egiten dute, haurrek bizi duten amorru, ezintasun, eta tentsioa kanalizatzeko aisialdi ekintzak aurrera eramaten dituzte, eta nazio askapenerako prozesuan eragiten dute emakumeen eskubideen aldeko mugimenduan parte hartuz.
Biziraupena eta burujabetzaren aldeko borroka: nola uztartu?
Emakumeak gauzatzen ari diren erresistentziak garrantzia ukaezina du palestinarren nazio askapenean, hark hartzen baitu bizitza publiko eta pribatuaren arteko mugei aurre egiteko erantzukizuna. Konplexua bilakatzen baita egoera, emakumea bere eskubideen jabe egin eta aldi berean nazio zapalkuntzaren aurka antolatu behar denean. Gizarte heteropatriarkala izaki, antolakuntza politikoan lekua egiteko borrokatu beharrak, norberetik hasi eta etxe barruan borrokatzea esan nahi du. Israelek, emakume palestinarraren esangura politikoaz jakitun bere aurkako ofentsiba abiatu du, haren gorputza erabili eta guda armatzat hartuz, borrokaren eta elkartasunaren zutabea eraisteko helburuarekin.