INFO

Faxismoari erantzun diote Bilboko Alde Zaharrean

Bilboko Alde Zaharrean pairatu dituzten azken eraso faxistei aurre egiteko mural berria margotu dute auzo horretako biztanleek. Auzo bizia eta auzotarrentzat nahi dutela nabarmendu dute.

Bilbo Alde Zaharreko auzotarrak muralarekin.

«Jakina da faxismoa ez dela aintzinako oroitzapen hutsa, zoritxarrez bizirik dago eta gure kaleak eta plazak okupatu nahi ditu, auzoak baldintzatu eta langileon zein herri klasearen pentsaerak deuseztatu. Aste honetan bertan, faxista inkontrolatuek saboteatu egin dute Bilbo Zaharreko mural Antifaxista. Zelan ez, handik ordu gutxira auzoa mobilizatuta zegoen, auzoko eragileak bilduta eta mural antifaxista berreginda», adierazi dute auzotarrek.

«Ez da izan, ordea, faxisten erasoa jasan duen erreferentziazko eremu bakarra; haiekin guztiekin egiten dugu bat era aktiboan. Bilbo Zaharreko auzokideok egunero egiten diogu aurre faxismoari, konpromisoz eta ilusioz eraikitzen ari gara auzo-komunitatea, autogestioa eta herri boterea, gure kulturak defendatu eta aniztasun askean sakontzen ari gara. Bilbo Zaharra eremu antifaxista da, Bilbi eraldaketarako eremu askea da. Auzo boterean josten ari gara gure ametsak», gaineratu dute.

Erasoa pairatu eta berehala iragarri zuten Bilboko Alde Zaharreko auzotarrek mural berria margotuko zutela. Haien arabera, mural horien helburuetako bat, besteak beste, Bilboko auzoak «gentrifikazioaren zerbitzura ipintzea» da. «Esan gabe doa, muralak egin dituzten artistei errespetu osoa zor diegula», argitu dute auzokideek.

«Garai moderno eta hain likido honetan begiak gorritzen zaizkie instituzioei holako ekimenak gauzatzen direnean. Bilbo kontsumistaren aurrean gure ezezko irmoa adierazi, eta auzokideok gure orainaren eta etorkizunaren protagonista bilakatu gara», adierazi zuten orduan auzokideek.