INFO

Aste Nagusian «kortsarioen aurka» egiteko deia luzatu dute Donostiako Piratek

Donostiako Piratek Aste Nagusiko egitarauaren aurkezpena egin dute astelehen honetan. Abuztuaren 10etik 18ra bitartean ospatuko da eta abuztuaren 12an abordatuko dute Donostia. Flamenka guneko agertoki nagusia portuko sarreran jarriko dute, Lakuak jarritako oztopoak direla-eta.

Donostiako kaian egin dute Aste Nagusi Pirataren aurkezpena.(Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Donostiarrei «jai herrikoi, euskaldun eta parekideez gozatzeko aukeraren eskaintza» aurkeztu dute Donostiako Piratek gaur eta azken urteetan ohitura bihurtu diren oztopo eta zailtasunez kexatu dira.

Aurtengoan, Lakuak erabaki du Flamenka gunean ez dela kontzertu gehiagorik egingo, «arrazoi zehatzik eman gabe». Hori horrela, agertoki nagusia portuaren sarrerara mugitu behar izan dute, «Karmengo jaietan egoten den lekura». Honek, «oso epe laburrean, egitaraua eta jaigunea guztiz berrantolatzera eta jaigune berri bat diseinatzen hastera behartu gaitu».

Donostiako Piratak kaitik kanpo nahi dituztela ohartarazi dute Uxue Oreja (Eskandalosa Kofradia) eta Eider Beobide (Eskifaia Kofradia) piratek; baina, zailtasunei aurre eginda, «egitarau beti bezain zabala» antolatu dutela ziurtatu dute. Leloa ere aurkeztu dute: «Kortsarioen Donostian, izan pirata». Kortsarioen aurka egin, zapi beltza jantzi eta pirata bilakatzeko deia zabaldu dute.

Arrazoitu dute XVI. eta XIX. mendeen artean, Europako herrialde askok «errepresalia gutunak» edo «kortso agiriak» banatzen zizkietela beraien kapitainei, erregimenaren izenean eta haren mesedetan sakeatzen ibiltzeko: «Aurten, Donostiako Piratok salatu nahi dugu, era batera edo bestera, horrek indarrean jarraitzen duela». Horregatik, aukeratu duten leloarekin, herritarrei «ahalduntzeko» deia egin diete.

Abordaia «klasikoa» eta bi berrikuntza

Eta ahalduntzeko parada edukiko dute kofradiek antolatu dituzten egitarau ezberdinetan, abuztuaren 10etik 18ra bitartean, «txupinazoarekin hasi eta Irrikitaldiarekin bukatu arte». Aste Nagusian zehar zalaparta gehien eragiten duen abordaia abuztuaren 12an izango da. Izen ematea hasi da jada, www.donostiakopiratak.eus webgunean. Aurtengoan baltsa politenak saria izango duela aurreratu dute. Egun horretako bazkarirako tiketak ere salgai daude Trikuharri, Pandora eta Herria tabernatan.

Bi berrikuntza nagusi ere iragarri dituzte. Batetik, ‘Karramarro Uhartea’ irratsaioa egongo da egun guztietan, nondik norakoak kontatzeko, eta sare sozialetan podcast moduan igoko dituzte. Bestetik, hilaren 14an Kofradien eguna ospatuko dute. Egun guztian zehar kofradia ezberdinetako piratak Flamenkan batuko dira eta «jolasak, bazkaria eta abar izango ditugu».

Gaueko eskaintza hiru musika proposamen ezberdinekin bete dute: kontzertuak, DJak eta Trinitate enparantzako afari musikatuak. Gune nagusian musika estilo ugariren kontzertuak egongo dira eta nabarmendu dute «punta-puntako hiru emakume DJ izango» direla oholtza gainean, «lehen aldiz elkarlanean: Pal Piso hirukotea osatuko dute Flaca, Alvva eta Brava musika jartzaileek».

Arituko diren 21 taldeetatik 15etan, emakumeen presentzia nabarmena dela azpimarratu dute. Hauek dira kontzertu nagusiak: Ezten Giro, The Lizards, McOnak, Xavi Sarriá, Nizuri Tazuneri, Tribade, Izaki Gardenak, Grises, Skabidean, Gora Etorri, Liher eta The Baboon Show.

Aste guztian zehar, kofradia ezberdinek beraien egitarau propioarekin girotuko dituzte Donostiako hainbat auzo. «Gure jaietan parte hartzeko deia» zabaldu dute piratek eta «aldarrikatuko nahi dugu jartzen dizkiguten oztopoen gainetik hemen gaudela»