Erasoen aurren autodefentsa aldarrikatu dute Bilboko Konpartsek
Bilboko Konpartsek aurtengo Aste Nagusirako «gozamenaren, errespetuaren eta zaintzaren» aldeko aldarria egin dute eta erasorik gabeko Aste Nagusi baten alde ahaldunduko direla adierazi dute, «planto eginez eta autodefentsa baliatuz».
Ehun bat emakumezko konpartsakide batu dira astelehen goiz honetan Bilboko Arriaga Antzokiaren parean erasorik gabeko Aste Nagusia nahi dutela adierazteko. Agerraldian azaldu duten arabera, Bilboko Konpartsek urteak daramatzate erasorik gabeko jaigune bat eraikitzeko lanean, «gozamena, errespetua eta elkarzaintza» izan daitezen Aste Nagusia definituko duten hitzak.
«Geure gorputzak eta geure erabakiak beti ere errespetatuko diren jaiak nahi ditugu. Giroa eta espazioa aske gozatu nahi ditugu. Inongo erasorik jasateko arriskurik gabe egin nahi dugu dantza, kantu, barre eta poteatu», azaldu dute.
Horregatik, argi utzi dute ez dutela inongo babosoren piroporik nahi, «ezta jazarriko gaituen matxirulorik, ezta gutxietsiko gaituen kiderik». «Ez dugu etxera lagunduta itzuli nahi, etxera onik heldu garenentz kuadrillakoak kezkatuta egotea, ezta, are gutxiago, paternalismo instituzionalik edota sasibabestuko gaituen sekretarik. Ez eraso, ez babesik: gu geu beldur barik».
Zentzu honetan, Bilboko Konpartsakideek aurreikusitako gidoia iraultzeko konpromisoa hartu dutela adierazi dute, «eraso sexistei irmoki aurre egiteko». Horretarako, gaiari heltzeko beren beregi sortutako lantaldea dute, urte osoan zehar eraso sexistak gertatutakoan erantzun-protokoloa ezartzeaz harago, horiek gertatzea ekiditeko lan ere egin duena.
Lan horretan, errealitate hori «gizarteratu» eta konpartsakide guztiak inplikatu dituztela azaldu dute, eta «sentsibilizazio-, deseraikitze- eta ahalduntze-tailer eta jardunaldiak» antolatu dituztela azken urteetan zehar. «Datorren lekutik datorrela, matxismoaren edozein adierazpen identifikatzeko eta haren aurrean erantzun aktiboa emateko tresnak eskuratzen ari gara», adierazi dute.
Iaz bezala, aurten ere, erasorik gabeko jaigunea seinalatuko duten pankarta eta banderin moreez beteko dute Bilboko Konpartsek jai-eremua. «Jakin dezatela erasotzaileek ez direla ongi etorriak, ez ditugula gure festetan nahi, espazio honetan edozein jarrera sexistarekiko zero tolerantzia dugula, eta zalantza-izpirik gabe erantzungo dugula», adierazi dute edozein jazarpen-egoera gertatuko balitz, konpartsetara jo daitekeela gogorarazi aurretik.
Horrez gain, Bilbo osoari egin diote deia, erantzun-protokoloa aktibatuz gero, 19:30etan izango diren mobilizazioekin bat egiteko. «Beharrezkoa bada, gelditu egingo da jaia, eta hala jakinaraziko dugu», ohartarazi dute.
C. Tanganaren kontzertua
Aurreko astean C. Tanganaren kontzertua bertan behera geratu izanari dagokionez, Bilboko Konpartsakideek haien balorazioa egin dute, eta «eduki matxista eta misoginoak zabaltzen dituzten kultura adierazpenek» hain jaietan lekurik ez dutela argi utzi dute. Kasu honetan, Bilboko herritarrek aurreko astean izandako jarrera eta erantzuna txalotu dute eta begi onez hartu dute herritarren aldarria entzun, kargu hartu eta Udalak kontzertua bertan behera utzi izana.