INFO

G7-EZ! plataformak jardunaldien testuingurua eta informazio teknikoa aurkeztu ditu

G7-EZ! eta Alternatives G7! plataformek lehen lorpen garrantzitsua aurkeztu dute, hots, eragile anitzez osatutako programa bateratua. Autoritateak beldurra hedatu eta giroa gaiztotzeko ematen ari den kanpaina mediatikoa salatu, eta jasaten ari diren kriminalizazioa gaitzetsi dute.

G7-EZ! palataformako kideen agerraldia Hendaiako zineman. Guillaume FAUVEAU

Aurelie Trouvé eta Simon Playout, Alternatives G7! plataformako ordezkariek frantsesez aurkeztu dituzte "Ficoba-Hendaia jardunaldien" nondik norakoak. Itziar Fernandez, Egoitz Urrutikoetxea, eta Maddi Arrieta G7-EZ! plataformako kideek, ostera, euskaraz eta gazteleraz aurkeztu dituzte jardunaldien testuingurua eta alderdi teknikoak.

Horrez gain, «zabaltzen ari diren beldurra, segurtasun irizpide hutsean oinarritzen den diskurtso mediatikoa eta gure ekimenek pairatzen duten kirminalizazioa» salatu, eta abuztuaren 24an Hendaian burutuko den manifestazioa baimendua dela oroitarazi ostean, jendarteari deia luzatu diote, «lasaitasunez eta erabakitasunez» mobilizazioetan parte har dezaten.

Testuigurua

G7-EZ! plataformako kideen iritziz, gaur egun ematen ari den maila goreneko krisia, ezberdintasun sozialak, sexu zein arrazaren araberako ezberdintasunak, bizi baldintzen okertzea, edo zerbitzu sozialen suntsitzea, «ez dira kasualitatez sortzen, funtsean arrazoi politikoak daude, erabaki politikoak». Horregatik, erantzuna ere maila politikoan kokatu dute, eta horretarako, «G7-ko estatuek bultzatzen dituzten politika autoritario eta neoliberalen hausnarketa burutu», eta, «politika hauek sortzen dituzten ondorioak eta hauen aurrean dauden alternatibak ikusarazi» nahi dituzte.

Zentzu horretan, aipamen berezia egin diote Frantziar Gobernuari. Macron presidentearen «zinismoa» arbuiatu dute, zeren, «G7 hau berak gidatzen dituen politiken erakusleiho bilakatu nahi du, eta desberdintasunaren aurkako borroka gailur honen helburu dela esatera ausartzen da».

Azkenik, G7 gailurra antolatu dutenei «errealitatearen abstrakzioa egin» eta «Euskal Herriko errealitatea aintzat ez hartzea egotzi diete. Haien iritziz, «Euskal Herria errealitate berri bat eraikitzen saiatzen ari da, adostasunez, aldiz, G7ko ordezkariek ordezkatzen duten ereduak kontrako logika inposatzen du».

Programa

Jada lehen urrats «arrakastatsua» eman dutela azpimarratu dute G7-EZ! eta Alternatives G7! plataformetako ordezkariek, izan ere, haien hitzetan, «gauza denetan ados ez gauden arren, funtsezko auzietan bat egitea lortu dugu».

Abuztuaren 21etik 23ra eskainiko dituzten 40 hitzaldi eta 50 tailerren berri eman dute, eta estimazio zehtazak egitea ezinezkoa dela onartu arren, kanpalekuan 2.000 pertsona espero dituztela iragarri dute. Hitzaldietarako berriz, 4.000 pertsona inguru espero dituzte, eta guztira, 10.000 pertsona inguru mobiliza daitekeela aurre ikusten dute.

Programak suposatzen duen «desafioa» nabarmendu ostean, Estatu frantseseko, zein mundu mailako eragileekin burutu duten elkarlanak aurrera begira lan egiteko «ateak ireki» dituela  azpimarratu dute antolatzaileek. Haien aburuz, «Euskal Herrian egingo den kontragailurra munduan eraikitzen ari diren praktika alternatiboen bidegurutzea izango da».