Donald Sutherlandek jasoko du Donostia saria Zinemaldian
Donald Sutherland kanadarrari emango zaio Donostia saria, mende erdian zehar egin duen antzezpen-lan bikaina aitortzeko. Orotara, 200 bat ekoizpenetan hartu du parte aktoreak. Irailaren 26an Donostiara bertaratuko da Kursaalen saria jasotzera, Zinemaldiaren antolakuntzak jakitera eman duenez.
«Sutherland gai da hala protagonista denean nola antzeztaldean gailentzeko, eta talentu handiz hezurmamitu ditu dozenaka pertsonaia, generoa edozein izanik ere: drama, gerra-zinema, thrillerra, beldurrezko zinema nahiz zientzia fikzioa», gaineratu du Zinemaldiko antolakuntzak.
Ez da inoiz izan Oscar sarirako hautagai egin dituen paper ugariengatik, baina 2017an ohorezko Oscarrarekin omendu zuten lanbidean egin duen ibilbide osoa. Gainera, 1978an Kanadako Ordenako ofizialtza bereganatu zuen, eta aurten bertan Kanadako ohore handiena esleitu diote, Kanadako Ordenako kide izendatuta.
Donald McNichol Sutherland 1935ean jaio zen, Saint Johnen (New Brunswick, Kanada). Ingeniari izateko asmotan zegoen, baina azkenean antzezpenaren alde egin zuen hautu, eta telesail ugaritan parte hartuz hasi zen lanean: horien artean, ‘The Saint’ eta ‘The Avengers’ nabarmendu daitezke. Pantaila handian, ‘Il castello dei morti vivi’ (Warren Kiefer, 1964) Italiako izu-filmean egin zuen debuta, Christopher Leerekin batera. Lehenengo arrakasta Robert Aldrichen ‘The Dirty Dozen’ (Urkamendiko hamabiak, 1967) gerra-ekoizpen klasikoarekin lortu zuen, Lee Marvin, Charles Bronson eta Telly Savalas aktoreen alboan. Genero berean, ‘M.A.S.H.’ (Robert Altman, 1970), ‘Kelly’s Heroes’ (Brian G. Hutton, 1970) eta ‘Johnny Got His Gun’ (Dalton Trumbo, 1971) filmetan protagonista aritu zen ondoren.
Detektibe pribatua izan zen ‘Klute’-n (Alan J. Pakula, 1971), eta Jane Fondak Oscar saria irabazi zuen film horri esker; libertino limurtzailearen papera bete zuen ‘Il Casanova di Federico Fellini’ filmean (Federico Fellini, 1976); Attila Mellanchini faxista zitalari aurpegia jarri zion ‘Novecento’ (Bernardo Bertolucci, 1976) artelan historikoan; eta rol nagusia antzeztu zuen ‘Invasion of the Body Snatchers’ (Philip Kaufman, 1978) film aztoragarrian.
Hurrengo hamarkadan ere film luze nabarmengarriak egin zituen: ‘Ordinary People’-n (Jende arrunta, Robert Redford, 1980) senide baten heriotzak jotako familia baten burua antzeztu zuen; eta ‘Eye of the Needle’-n (1981), berriz, nazi espioi bat. Ondoren egin zituen lanetan izar handiak izan zituen alboan: besteak beste, Al Pacino (‘Revolution’, Hugh Hudson, 1985), Sylvester Stallone (‘Lock Up’, John Flynn, 1989) eta Marlon Brando eta Susan Sarandon (‘A Dry White Season’, Urtaro zuri lehorra, Euzhan Palcy, 1989).
Orobat, ‘JFK’ (Oliver Stone, 1991) filmeko antzeztalde apartan aritu zen, Mr. X hezurmamituz; hau da, Garrison fiskalari (Kevin Costner) Kennedy presidentearen hilketari buruzko informazio konfidentziala eskaini zion pertsonaia. Piromano ohia izan zen ‘Backdraft’-en (Ron Howard, 1991); Kristy Swansonen mentorea ‘Buffy the Vampire Slayer’ filmean (Fran Rubel Kuzui, 1992) eta Demi Mooreren babeslea ‘Disclosure’-n (Barry Levinson, 1994). Garai hartan zinemagile gailenen esanetara aritu zen, halaber. Horren erakusgarri dira Wolfgang Petersen (‘Outbreak’, Izurria, 1995), Joel Schumacher (‘A Time to Kill’, 1996) eta John Turteltaub (‘Instinct’, 1999).
‘Space Cowboys’ (2000) filmean, jantzi espaziala soinean jarri eta astronauta beterano batzuei buruzko istorio batean protagonista izan zen Tommy Lee Jones, James Garner eta filmaren zuzendari Clint Eastwoodekin batera. Hamarkada horretan egin zituen, horrez gain, ‘The Italian Job’ (F. Gary Gray, Belodromoa, 2003) filmaren remakea; ‘Cold Mountain’ drama (Anthony Minghella, 2003), Renée Zellwegerri Oscar saria eman ziona, eta ‘Pride & Prejudice’ (Joe Wright, 2005) eleberriaren egokitzapen berria.
Donald Sutherlandek azkenaldian bete duen rol ezagunenetako bat Snow presidentearena da, bilau nagusia hezurmamitu baitu Jennifer Lawrence aktorea buruan lau film eman dituen ‘The Hunger Games’ sagan. ‘La migliore offerta’-n (Giuseppe Tornatore, 2013) Geoffrey Rush izan zuen antzezkide eta ‘Forsaken’ (Jon Cassar, 2015) western filmean bere benetako seme Kiefer Sutherlanden aitarena egin zuen. Duela bi urte, Sutherland eta Helen Mirren protagonista dituen ‘The Leisure Seeker’ (Paolo Virzi, 2017) filmaren emanaldia hartu zuen Perlak Sailak eta, aste honetan bertan, James Gray zuzendariak Veneziako zinema-jaialdian aurkeztuko du ‘Ad Astra’, kanadar antzezlearen azken lanetako bat. Besteak beste, Brad Pitt, Tommy Lee Jones eta Liv Tyler aktoreez inguratuta ikusiko dugu bertan.
Telebistan, Nicole Kidmanekin ‘The Undoing’ filmatzen dabil egun, David E. Kelleyk idatzitako eta Susanne Bierrek zuzendutako sei ataleko minisail bat. Oraintsu ere, J. Paul Getty hezurmamitu du Danny Boyle zuzendariaren ‘Trust’ (2018) telesailean. Antzeztaldeko gizonezko aktore onenaren Emmy saria eta Urrezko Globoa irabazi zituen HBOren ‘Citizen X’ filmean egindako lanagatik, eta Urrezko Globoa irabazi zuen, halaber, ‘Path to War’ (2002) drama historikoan Lyndon B. Johnson presidentearen aholkularia, Clark Clifford, antzezteagatik, John Frankenheimerren zuzendaritzapean. Pantaila txikirako egin dituen beste lan batzuen artean, nabarmentzekoak dira ‘Crossing Lines’ (2013-2015) akzioko telesaila eta Ken Folleten ‘The Pillars of the Earth’ best-sellerraren egokitzapena (2010).