INFO

Koreeda, Loach eta Assayas, Zinemaldiko gonbidatuen artean

Programazioa osorik jakitera eman du gaur Donostiako Zinemaldiak eta, horien artean, alfonbra gorriaren gainean ibiliko diren izenetako batzuk luzatu ditu. Hirokazu Koreeda, Ken Loach eta Olivier Assayas zine zuzendariak daude gonbidatuen artean, baita Laetitia Casta, Nina Hoss edo Gael Garcia Bernal aktoreak ere.

Gonbidatuen izenak ezagutarazi dituzte gaur. (ZINEMALDIA)

Prest dago guztia Zinemaldiak bere 67. aldiari ekiteko. Azken zertzeladak ezagutzera ematea soilik falta zen. Gonbidatuen izenak eta epaimahaiak osatuko dituzte, profesionalak, besteak beste. Urtero ohitura bihurtu den gisan, gaurkoan ere aurkezpen ofiziala egin dute Donostiako Maria Cristina hotelean, Jose Luis Rebordinos zuzendaria eta Ruth Perez de Anucita komunikazio arduraduna buru.

Donostia saridunez gain –Penelope Cruz, Donald Sutherland eta Costa Gavras–, aktore eta zinemagileen zerrenda luzea izango da aurten Donostiako alfonbra gorriaren gainean. Besteen artean, Donostian izango dira Javier Bardem, Ricardo Darin, Laetitia Casta, Anais Demoustier, Gael Garcia Bernal, Valeria Golino, Nina Hoss, Reda Kateb, Catherine McCormack, Sam Neill, Tim Roth eta Kristen Stewart.

Aktoreez gain, zuzendariak ere izango dira Zinemaldiko gonbidatuen artean. Horien artean dira Benedict Andrews, Louise Archambault, Ddarren Aronofsky, Olivier Assayas, Kantemir Balagov, Bertrand Bonello, Andres di Tella, Alan Elliot, Sarah Gavron, Ciro Guerra, Oliver Laxe, Ken Loach, Hirokazu Koreeda, Ladj Ly, Roger Michell, Takashi Miike, Olivier Nacache eta Eric Toledano, Guillaume Nicloux, Nicholas Parisier, Malgorzata Szumowska, Ina Weisse, Alice Winocour eta Wang Xiaoshuai.

Donostian izango dira halaber Michel Houellebecq idazlea eta Yanis Varoufakis greziar ministro ohia. Lehenak bere burua antzeztu du ‘Talasso’ filmean (Sail Ofiziala) eta bigarrenaren liburuak Costa Gavrasen (Donostia Saria) ‘Adults in the room’ filma oinarritu du.

Epaimahaien berri ere eman dute gaur goizeko prentsaurrekoan. Neil Jordan irlandar zinemagilea eta gidoilaria izango da epaimahai ofizialaren presidentea eta Barbara Lennie eta Mercedes Moran aktoreak, Pablo Cruz eta Katriel Schori ekoizleak eta Lisabi Fridelli argazki-zuzendariak izango ditu zeregin horretan lagun.

Zinemaldiko programazioa datorren asteazkenean kontsultatu ahal izango da eta sarreren salmenta hilaren 15ean abiatuko da.