INFO

Bihar GARAn, EPPKren bide judiziala hizpide, baimenak jaso dituzten hiru preso mintzo

Espetxeak husten hastea helburu EPPKk egindako apustuan, kalera ateratzeko baimenak mugarrietako bat da. Horiek lortu ondoren jada kalean diren presoetatik hiru bildu ditu GARAk mahai berean, beren kasuak azaldu eta ondorioak ateratzeko: Xabier Sagardoi, Alfredo Remirez eta Ekaitz Ezkerra.

Xabier Sagardoi, Alfredo Remírez y Ekaitz Ezkerra. (Gorka RUBIO | FOKU)

Xabier Sagardoi baranaindarra izan zen, iazko apirilean, EPPKren apustuaren barruan kalera ateratzeko baimena lortu zuen lehenengo presoa: guztira sei eskuratu zituen zigorra agortu aurretik. Alfredo Remirezek (Amurrioko txiolari ezagunak) bi izan zituen, eta hiru Ekaitz Ezkerrak (Donostiako herri harresiko gazteetako bat), azken honek espetxearen iritziaren aurka eta epailearen erabakiz.

Bide hori zergatik eta nola jorratu zuten azaldu dute, GARAk bihar astelehean argitaratuko duen elkarrizketan. Eta ideia bera nabarmendu dute hiruek: urrats hori ematerakoan, beraien egoera pertsonala baino, oraindik zigor luzeak betetzeko dituzten kideak izan dituzte gogoan bereziki. Horiekin ere legea betetzeko beharra ohartarazten dute: «EPPKk erabakiak hartu ditu eta betetzen ari da, pilota orain Estatuaren teilatuan da».

Legediaren bidezko erasoaldi hau ausardiaz eta konplexurik gabe aurrera eramatea eskatu du, esaterako, Ekaitz Ezkerrak: «Hautsa gainetik astindu eta aurrera egin behar dugu». Ekimenak kartzeletako arduradunak zein epaileak tokiz kanpo jartzen dituela egiaztatu du, funtsean eskatzen den bakarra legea betearaztea baita, inolako aitzakiarik gabe.

Lotura honetan ikus daiteke elkarrizketaren laburpena, bideo formatuan. Lan osoa, asteleheneko GARAko alean.