INFO

Etxeberria errugabetu du Karrerak, beren aurkako epaiketan Auzitegi Nazionalean

Behin-behineko entrega gauzatu ondoren, Mikel Karrera epaitzen ari dira astelehen honetan Auzitegi Nazionalean, Jon Etxeberriarekin batera. Epaiketa abiatu aurretik, hamahiru urteko eskaera egina du Fiskaltzak Karreraren aurka, eta hamar urtekoa Etxeberriaren kontra. Bata zein bestea preso daude.

Mikel Karrera, gaurko epaitegian. (Luca PIERGIOVANNI | AFP)

Espainiaratu zutenetik hamar egun eskas pasata, gaur astelehenean ari dira Madrilgo Auzitegi Nazionalean epaitzen Mikel Karrera presoa. 2010. urtean Zamoran lehergailuz beterik antzemandako ETAko furgoneta baten arduraduna izatea leporatzen diote, eta Jon Etxeberria presoa ere horretan inplikatzen dute. Epaiketa abiatu aurretik, hamairu eta hamar urteko kartzela eskaera egin du Fiskaltzak, hurrenez hurren.

Epaiketan ez duela parte hartuko adierazi du Karrerak hitza hartu bezain pronto. Bi gauza gehiago baino ez zituela esateko erantsi du: berak egindakoa onartzen duela eta Etxeberriak ez zuela ekintza horretan inolako parte hartzerik izan. Poliziak dioenez, Jon Etxeberriaren hatz-markak ageri ziren furgonetaren barruko prezinto batean.

Zamorako ibilgailu horrekin zerikusirik izan zutelakoan jada Garikoitz Garcia Arrieta eta Iratxe Yañez epaitu eta zigortu zituen aurretik Auzitegi Nazionalak. Orain gauza bera egin nahi du Karrera eta Etxeberriarekin.

Bestelako zigorrak dituztela-eta, Mikel Karrera Lannemezanen dute preso, eta Jon Etxeberria, aldiz, Castelló-n. Lehena Espainiaratu berri dute, Garikoitz Aspiazu eta Marixol Iparragirre bezalaxe, azken hau Estatu frantsesean ezarri zioten espetxealdia agortu ostean.