Eibarrek puntu bat eskuratu du Levanteren kontra (0-0)
Azken jardunaldietako hobekuntzari jarraipena eman diote armaginek baina ezin izan dute garaipena eskuratu. Quique Gonzalez lehen aldiz sartu da hasierako hamaikakoan. [Norgehiagokaren estatistikak]
Golez betetako partidak izaten dira Eibar eta Levanteren artekoak (4ko batazbestekoa Lehen mailan aurretik jokatutako zortzi neurketetan) baina gaur ezin izan diote ohiturari eutsi. Bost jardunaldi jokatu ondoren, beraz, Eibarrek ez du oraindik garaipenik lortu.
Egon dira, hala ere, albiste onak armaginentzat Ciutat de Valencian. Batez ere, azken jardunaldietan erakutsitako hobekuntzari jarraipena eman diotela. Ez dira aurkaria baino gehiago izan baina ez eta gutxiago ere. Aurreko egunetan José Luis Mendilibarrek eskatutako konzentrazioa eta inplikazio kolektiboa ere egon dira. Ondorioa, Levantek, Eibarrek berak bezela, aukerak izan baditu ere, atea hutsean utzi du talde gipuzkoarrak denboraldian bigarren aldiz. Orain arte valentziarren zelaian inork gehiago lortu ez duena.
Gogoz ekin dio Mendilibarren taldeak partidari. Hasi bezain laster, Inuik aukera garbia izan du, Pedro Leonen erdiraketa aprobetxatuz eta Aitorren geldiketa bikaina behartuz. Ohizko intentsitatearekin izan ez bada ere –beroak eta ezetasunak ez dute larregi lagundu– minutu dotoreak eskaini ditu Eibarrek, etxekoen arean aukera politak sortuz. Levante ez da geldirik egon eta Campaña, Mayoral edota Morales ere saiatu dira Dmitrovicen aurrean.
Berrindartuta itzuli da talde gipuzkoarra aldagelatik. Orain bai, bigarren zatiko lehen minutuetan baloia ia ez da irten Levateren areatik baina baloiak ez zuen atean sartu nahi. Lehen aldiz hasieratik jokatu duen Quique Gonzálezek aukera garbiena fabrikatu du baina bere jaurtiketak zutoinean jo du. Berehala erantzun dute etxekoek Mayoralen jokaldiarekin baina, zorionez, Dmitrovicek asmatu du bere erremate bikoitzaren aurrean.
63.minutuan, lehen zatitik arazoekin zebilen Ramisek zelaia utzi du, askoren hortzikara sortuz aurreko astean gertatutakoaren ondoren. Ez da gaurkoan ondoriorik egon. Eibarrek sufritu du, bai, bere aurkariak jotzen jarraitu duelako azken minutura arte. Baina talde armaginak berak ere ez du ahaztu Aitorren atea. Emaitza, edozein kasutan, ez da aldatu eta eibartarrek denboraldiko bigarren puntua eskuratu dute.
Ipuruan jokatuko dute hurrengo bi norgehiagokak: ostegunean Sevilla hartuko dute eta datorren igandean Celtaren aurka arituko dira.
«Ondo lehiatu dugu»
Baikor agertu da José Luis Mendilibar partidaren ostean. Historiako denboraldi hasiera kaxkarrena izaten ari den arren, entrenatzaile bizkaitarrak taldea erakusten ari den hobekuntza azpimarratu du. «Onena, partida txarrenak aurreko biak izan zirela da. Osasunarekin berdindu genuen baina eurek ez zutelako asmatu. Hurrengo hiru partidak hobeak izan dira. Atleticoren aurka ondo aritu ginen, berdintzeko eta irabazteko aukerak ere izan genituen. Espanyolen kontra eurak baino hobeak izan ginen baina bi akatsen ondorioz puntu barik geratu ginen. Gaur ondo lehiatu dugula uste dut; irabazteko eta galtzeko aukerak egon dira baina ondo lehiatu dugu. Alde ona begiratu behar dugula uste dut, azken partidak aurrekoak baino hobeak izan direla», adierazi du.