INFO
Elkarrizketa
Mikel Urretavizcaya
Zinema zuzendaria

«Artzaintzak zerbait berezia izango du, ez dakit mendia den, edo ardiak, edo esnea»

Culinary Cinema sailan gure dasta-papilak dantzan jartzen dituzten pelikulak ikusi ditzazkegu. Mikel Urretavizcaya ordiziarrak txikitatik herrian ezagutu duen produktu bati gorazarre egiten dio ‘Gazta’ dokumentalean, Idiazabal jatorrizko izendapenari zein artzainen funtsezko lanari bultzada bat emanez.

Mikel Urretavizcaya kazetaritzan doktorea da. (Jon URBE / FOKU)

Ordiziarra izanik, harreman berezia al duzu Idiazabal gaztarekin?
Gaztari buruzko dokumental bat egiteko ideia aspalditik nuen. Ni ordiziarra naiz baina Idiazabal gazta leku askotan dago. Dokumentalean Baztango artzain bat agertzen da, ia mugaren ondoan dagoena. Beste bat Enkarrerrietakoa da.

‘Gazta’ dokumentala grabatzen ari zinetela Julen Arburuak Ordiziako gazta txapelketa irabazi zuen. Filman, bere gurasoek Tourra irabaztearekin parekatzen dute.
Ordiziako lehiaketa aurrenetakoa izan zen, eta mantentzen direnetatik nik uste dut zaharrena dela. Julenek Uharte-Arakilen ere irabazi zuen, baina ez da berdina.

Eneko Atxa sukaldariak une batetan dio gazta gure historiaren parte txiki bat dela. Hori pentsatzen al duzu zuk ere bai?
Esaten du sinbolo bat dela, eta nik uste dut hala dela. Pentsa noiztik datorren produktuaren historia! Artzaintza Neolitikotik dator, duela 6.000 urtetik. Agian gazta ez zuten duela 6.000 urte egingo, baina une batean hasiko ziren egiten esnea mantentzeko modu bat delako. Ez dakigu noiztik egiten den, baina dakiguna da gurekin egon dela mendez mende.

Sukaldarientzat gazta produktu amaitua edo osagaia da?
Andoni Luis Adurizek dio amaitutako produktu bat dela eta bere horretan aurkeztu behar dela. Baina orokorrean osagai bezala erabiltzen dute, Joan Rocak ere bai, Gironakoa den arren, puntu berezi bat ematen duelako.

Emakumeen papera ere aldarrikatzen du ‘Gazta’-k.
Hiru emakume artzain agertzen dira, eta horietako batek, Eli Arrillagak, oso izaera indartsua dauka. Berak dio «ni zer naiz, nire senarraren morroia?». Askotan galdetu diote ea artzaina den edo etxeko gauzak egiten dituen, eta dokumentalean ikusten zaio amorrua duela. Bera ez dator artzain familia batetik; zarauztarra eta kaletarra da. Bere senarrak ganadua zuelako hasi zen artzaintzan. Kasualitatez hasi zen, baina alargun gelditu zen eta alaba txikia aurrera atera behar zuenean artzaintzarekin jarraitzea erabaki zuen.

Artzainaren profila aldatzen ari al da?
Eneko Atxak dio ekoizle perfektua izango zela lehengo jakinduria paganoa duena baina gaur egungoa, Julen Arburua bezala, Gomiztegiko eskolan izan dena, ikasi duena. Julen oso gaztea da, baina Joseba Intxausti ere gaztea da, eta ez dira bakarrak. Aldaketa generazionala ematen ari da. Joseba Intxausti industrigintza handia dagoen eskualde batekoa da, eta kosta egiten zaigu pentsatzea animaliekin bizi dela.

Teknologiarekin gauzak pixka bat aldatu dira, baina azkenean animaliekin dago, egunero, hilabetero. Gaur egungo lan munduan zaila egiten da pentsatzea, batez ere jakinda enpresa batetan egon zaitezkela lanean, zure 8 orduak egin eta kitto. Baina artzainak poz handiarekin bizi dira. Artzaintzak zerbait berezia izango du, ez dakit mendia den, edo ardiak, edo esnea. Zerbait badago bizitzeko gustua ematen duena.

Bitxikeria batzuk ere aipatzen dira dokumentalean, adibidez Idiazabal Gaztaren Kofradia bat badela eta Euskal Herritik kanpo dastaketak egiten dituztela.
Kofradiarena oso paper garrantzitsua da gaztaren unibertsoan. Denak bolondresak dira. Dastaketak antolatzen dituzte eta azken urtetan artzain bat eramaten dute gazta nola egiten den erakusteko. Estreinaldiaren egunean, 18.00etan, Kursaal atzean jarriko duten karpan dastaketa bat egingo dute.

Zer suposatzen du Zinemaldian egoteak?
Kategoria puntu bat ematen dio. Eta zabalkuntza aldetik ere interesgarria da. Guk dokumental hau egin dugu jendeak Idiazabal gaztaren unibertsoari buruz ikasteko, baina baita ere jatorrizko izendapenari bultzada bat emateko. Zinemaldian egotea edo ez egotea oso desberdina da. Zuk ere Zinemaldian gaudelako deitu didazu.

Momentuz ETBk emango du bere kateetan, koprodukzioan dagoelako, eta gero? interesgarria litzateke beste kateetan zabalkuntza ematea. Eta horregatik ere Zinemaldian egoteak ateak zabaltzen dizkizu.