INFO

Euskal Herriko Mugimendu Abolizionista sortu dute prostituzioarekin amaitzeko

EAEko zenbait talde feministak, Nafarroako plataformarekin batera, Euskal Herriko Mugimendu Abolizionista (EHMA) sortu dute prostituzioarekin amaitzeko, «sexualitate maskulinoaren eredu bortitz eta misoginoaren ondorio» delako.

Euskal Herriko Mugimendu Abolizionistaren aurkezpena. (FOKU)

EAEko zenbait talde feministak, modu partikularrean jarduten duten aktibistekin eta Nafarroako plataformarekin batera, Euskal Herriko Mugimendu Abolizionista (EHMA) sortu dute prostituzioarekin amaitzeko, «sexualitate maskulinoaren eredu bortitz eta misoginoaren ondorio» delako. Horretaz  gain, pornografia eta alokairu sabelen kontra borrokatuko dutela iragarri dute, «emakumeen gorputz esplotazio motak direlako eta giza eskubideak urratzen dituztelako».

Mugimenduaren sustatzaileek prentsaurrekoa egin dute gaur Bilbon. Bertan Amelia Tiganus, emakumezkoen salerosketaren biktima eta aktibista, Feli Azagirre eta Itziar Azpeitia (Lanbroa), Janire Subinas (Gafas Moradas), Carmina Serrano (Terapia eta Generoa) eta Sara Vicente, Nafarroako Plataformako kidea, izan dira. Plataforma Abolizionistaren lehenengo helburua gizartearen sentsibilizazioa da. «Prostituzioaren magnitudea ezezaguna dela iruditzen zaigu. Munduko hirugarren diru iturria da, drogen eta armen atzetik, eta ekonomia kriminalarekin nahasten da», azaldu dute.

«Munduan prostituzio gehien kontsumitzen dutenen artean hirugarren postuan daude Estatu espainiarreko gizonak. Horrek prostituzioa noraino dagoen normalizatuta eta zer garrantzi duen erakusten digu», gaineratu dute, eta antolatu duten lehenengo ekitaldia hausnarketa jardunaldia dela adierazi dute, «Sexu Indarkeria Ezabatu Dezagun, Sexualitate Duina Bultzatuz» izenburupean. Bilboko Casa Galician egingo da, urriaren 12an.

Abolizioaren prozesua

Prostituzioaren abolizioa prozesu bat dela azaldu dute. «Lehenengo urratsa eragiten duen mina aitortzea da, baita bere biolentzia inplizitua ere. Bestalde, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko oztopo dela ere onartu behar da». Gainera, «pertsonen duintasun eta balioaren kontra egiten du, prostituitutako emakumeei kalte larriak eragiten dizkielako eta emakumezkoen salerosketaz elikatzen delako». Bigarren urratsa «prostituzio sistemari aurre egiteko eta biktimei babesa emateko neurri zehatzak» bultzatzea dela ohartarazi dute.