Euskararen aurkako epaiekin «kezka bizia» eta harridura pittin bat agertu du Chivitek
Administrazioan euskara arautzen duen dekretuaren kontra auzitegiek erabaki berri dutenak «kezka bizia» eragin dio Maria Chivite Nafarroako lehendakariari. Aztertzeko denbora hartuko du, 1.500 pertsonen etorkizuna kolokan jartzen duelako, esan duenez. Eta UPNren garaiko hizkuntz politikaren aurka ere egin dutela erantsi du, harriduraz.
Dekretu bidez euskara zonalde mistoan zein ez-euskaldunean meritu gisa hartzearen aurka Nafarroako Auzitegi Nagusiak aste honetan emandako bi epaiek hankaz gora jarri dituzte Administrazioak orain erabiltzen zituen erizpideak. Bere eraginari begira «kezka bizia» onartu du goiz honetan Maria Chivite Nafarroako lehendakariak, Legebiltzarrean eginiko adierazpenetan.
Kezka nagusia, eta premiazkoa, abian diren lan eskaintza publikoen gainekoa da. Izan ere, batzuk «iragarrita eta abiatuta» daude, Chivitek gogora ekarri duenez, eta aurrera egiteko «berme juridiko guztiak behar dituzte».
Lehendakariak zehaztu duenez, 1.500 lagunetik gora daude lan eskaintza publiko horietan inplikatuta, eta ondorioz eragina oso zabala izan daiteke, egoera guztiz argituko ez balitz «helegite asko eta asko» aurkez litezkeelako.
Hau dela eta, Nafarroako Auzitegi Nagusiaren ebazpenak arretaz aztertu behar dituztela esan du Maria Chivitek, hasteko lan eskaintza publiko horien gainean izan ditzazketeen eraginak baloratuz. Eta horrexegatik, epaien kontrako helegiteak aurkeztuko dituztela esateko goizegi dela erantsi du nafar presidenteak. Gobernuak egingo ez balu, ez zen epai horiek atzera botatzeko modurik izango.
«Azken 20 urteotako hizkuntz politika osoa baliogabetuta»
Kezka honi harridura pittin bat erantsi dio Chivitek. Izan ere, rain baliogabetu diren artikuluak «ez dira bakarrik aurreko legealdian onarturikoak», baizik eta «azken 20 urteetakoak, UPNko gobernuek onartutako dekretuenak barne». Geroa Baik jada ohartarazi zuen honetaz asteartean, euskara 2009. urtetik behintzat dekretu bidez meritu gisa onartua zela gogora ekarriz. Miguel Sanz zen orduan agintean, eta Yolanda Barcinak eutsi zion ildo horri gero, 2011-2015 legealdian.
Maria Chiviteren hitzetan, «azken 20 urteotako hizkuntz politika osoa baliogabetzera» datoz epai hauek (kontrakoa esan zuen asteazkenean Javier Remirez Gobernuko bozeramaileak, artikulu batzuk baliogabetu arren hizkuntz politika osoa ez zutela auzitegiek kolokan sartzen, alegia).
Euskararen aurkako bi epaien artean lehena UGTk ahalbidetu du, dekretuaren kontra aurkeztutako helegite baten bidez. Eta ekimen horren sinatzailea Juan Jose Lizarbe izan da, aurreko hamarkadan PSNko idazkari nagusia izandakoa, orain Maria Chivite bezala.