INFO

Jerusalemgo proiektuak langileen segurtasuna kolokan duela salatu du CAFeko enpresa batzordeak

CAFeko enpresa batzordeak Jerusalemgo proiektuan parte ez hartzeko eskatu dio berriz zuzendaritzari, oraingoan arrazoi erantsiak emanez. Langileen segurtasuna ez dagoela bermatuta eta erabakiak hurrengo lehiaketei begira ondorio kaltegarriak izan ditzakeela argudiatu du.

CAFek Jerusalemerako egingo dituen trenen diseinua. (CAF)

Enpresa batzordearen iritziaren aurka, Jerusalemgo tranbia-linea egiteko prest da CAF, Saphir israeldarrarekin batera. Aurretik aukera horri uko egiteko eskatua zuten langileek, eta orain, esleipena lortu ostean, uste hori berretsi dute, baina argudio politikoei beste batzuk batuz.

Batetik, ondorio ekonomikoez ohartarazi du enpresa batzordeak: «Gogoratu behar da Europako enpresa garrantzitsuenak, hala nola Alstom, Siemens eta Systra (Frantziako SNCFren filiala), Kanadako Bombardier eta Australiako Mcquarie ere atera egin ziren proiektu honetatik, lizitazioa eman aurretik. Era berean, Palestinako agintaritza Espainiako Gobernuarekin harremanetan jarri omen dela diote, esku har dezan eta CAFi obra honetan parte hartzeari uko egin diezaiola eskatuz, eta BDS mugimendutik presioa egiten ari dira CAF horretara bultzatzeko».

Bestetik, «inork ezingo du CAFeko langileen segurtasuna bermatu obran bertan lan egin behar izanez gero», erantsi du enpresa batzordeak. «CAFeko langileek gatazka eremu batera joan beharko dute lanera, eta horrekin, CAFeko zuzendaritzak bere langileak jartzen ditu arazoaren erdigunean».

Aurretik egina duen bezala, erabaki honekin CAF «Palestinako herriaren aurkako politiken alderdi aktibo eta protagonista izango da», nabarmentzen du enpresa batzordeak. Eta hau guztia kontutan harturik, bere eskaera berresten du: «Obra horretan parte ez hartzeko oraindik garaiz gaudela uste dugu. Berriz ere eskatzen diogu zuzendaritzari, ez delzala parte hartu Jerusalemgo tranbiaren linea berriaren proiektuan».