Demokrazia eta konponbidearen aldeko manifestua, larunbateko manifestazioaren atarian
«Proces»-aren aurkako epai «bidegabeari» erantzunez, manifestua adostu du Euskal Herriko eragile politiko, sozial, kultural eta sindikal ugarik. «Preso guztien askatasuna» aldarrikatu, konponbide politikoaren premiaz ohartarazi eta Gure Eskuk larunbaterako deitu duten martxa babestu dute.
EAJ, EH Bildu eta Ahal Dugu alderdiek sinatu dute manifestua, baita ELA, LAB, Steilas, ESK, Hiru eta Etxaldek ere. Demokrazia Bai plataforma, bezperan bertze agiri bat aurkeztu zuena, eta Erabakizaleak abokatuen elkartea ere atxiki dira. Eta bertan izan dira kultura arloko erreferenteak ere, Antton Telleria, Pilar Kaltzada, Danele Sarriugarte, Xabier Euzkitze eta Garbiñe Ubeda esaterako.
Bertan egon ezin izanagatik, atxikimendua adierazi dutenak gehiago dira: Juan Jose Ibarretxe, Bernardo Atxaga, Asier Illarramendi, Jule Goikoetxea, Paul Rios, Iker Irribarria, Fermin Muguruza, Irantzu Varela, Miren Amuriza eta Zuriñe Hidalgo, besteak beste.
«Gure desadostasun osoa adierazi nahi diogu Kataluniako buruzagi sozial eta politiko subiranistak zigortzen dituen epaiari», dio Gure Eskuk sustatutako agiriak. Amalur Alvarez bertako bozeramaileak irakurri du gaztelaniaz, eta Pilar Kaltzada kazetariak, euskaraz.
«Ondorio larriak»
«Uste osoa dugu epai honek ondorio larriak dakartzala oinarrizko eskubide eta askatasunentzat», azaldu dute. «Demokrazian ezin dira kriminalizatu mobilizazio demokratiko eta baketsuak, ezta disidentzia politikoa ere».
Euren ustez, premiazko eginkizuna da konponbide demokratikoaren alde egitea, Kataluniako herritarrek etorkizuna libre eta demokratikoki erabaki ahal izatea aintzat hartuta.
Nabarmendu dutenez, konponbide politikoaren aldeko jarrera hori «gure gizartearen gehiengo zabalak partekatzen duen oinarria da». «Egoeraren larritasunak interpelatu egiten gaitu demokrazia, justizia eta askatasunak maite ditugun guztiok, gure aukera ideologikoetatik harago», erantsi dute.
Horregatik, larunbat honetan, Gure Eskuk deituta, Donostian `Erreferenduma ez da delitu. Askatasuna´ leloarekin eginen den manifestaziora joatera animatu dute jendartea, «injustizien aurrean, herritarren mobilizazioan» sinesten dutelako.
Legebiltzarrean, hiru batera
Adierazpen honi atxekimendua emateko Gasteizko Legebiltzarrean ere agerraldia egin dute, batasun irudia eskainiz, hiru indar politikoen bozeramaileek: EAJko Joseba Egibar, EH Bilduko Maddalen Iriarte eta Elkarrekin Ahal Dugu-ko Lander Martinez.