INFO

Ernaiko gazteek protesta gehiago egin dituzte ostiralean hiriburuetan

Ernaiko gazteek elkarretaratzeak egin dituzte ostiral honetan, besteak beste Donostiako Egiako epaitegiaren aurrean eta Bilboko eta Gasteizko La Caixaren bulegoetan. Ertzaintzak gazteak identifikatu ditu, baita albistea jasotzen ari ziren kazetari batzuk ere.

Bilboko protestaren aurka, era honetan egin du Ertzaintzak. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

`Ez dugu onartzen espainiar justizia´leloarekin, elkarretaratzeak egin dituzte ostiral eguerdian Ernaiko gazteek Donostia, Gasteiz eta Bilbon. 9 urte eta erdira arteko espetxe zigorrera kondenatutako Altsasuko gazteak eta 13 urtera arteko kartzelara zigortutako kataluniar buruzagi politikoak oroitu dituzte. `Ez dugu onartzen autodeterminazio eskubidea zigortzea´, aldarrikatu dute.

Horretarako, Gasteizko eta Bilboko La Caixaren bulegoetarako sarrera oztopatu dute, banku honek «prozesu subiranista katalanaren aurkako errepresioa finantzatzen delako».

Gauza bera egin dute Donostian, Egiako epaitegiaren atarian eserita. Baina kasu honetan jendeari arazorik gabe utzi diote sartu eta ateratzen. Gazteak eskaileretan jarrita zeudela, ertzainak agertu dira eta altxatzeko eskatu diete. 10 minutu egon eta altxatu egin dira neska-mutilak. Halere, isuna jarriko diotela jakinarazi diote ertzainek manifestari bati.

Bilbon zein Donostian, esku-orriak banatu dizkiete bertatik pasatzen ziren hiritarrei, ekintzaren asmoak azalduz. Ertzaintzak parte hartzen ari ziren gazte guztiak identifikatu ditu Bilbon; Donostian lagun batzuk identifikatu ditu eta baita albistea jasotzen ari ziren kazetariak ere.

Zorionak euskal gazteriari

Ernaik euskal gazteria zoriondu du. «Beste behin ere gazteon indarra erakutsi dugu, epai injustuen aurrean kalean gaudela eta egongo garela erakutsi dugu».

«Mobilizazioetan ikusi dugu zein izan den Ertzaintzaren jarrera oldarkorra protesten aurka. Hala eta guztiz ere, argi daukagu guk epai bidegabeen aurrean mobilizatzen eta burujabetza eta independentzia lortzeko lanean jarraituko dugula», erantsi du gazte antolakundeak.