INFO
Elkarrizketa
Miren Agur Meabe
Idazlea

«Bakardadea aurkikuntza bat izan daiteke, hazten jarraitzeko bulkada eman ahal diguna»

Gorputza eta ni-aren literatura bere eleberrigintzaren zeinu eta zigilu bilakatuta, «Hezurren erretura»-rekin azalean barruraino sartuko zaio irakurleari Miren Agur Meabe. Eleberri bat osatzen duten 21 ipuinen bidez, protagonistak bere iragana eta oraina gerturatzen digu, konplexurik gabe.

Miren Agur Meabe idazle lekeitiarra. (Andoni CANELLADA/FOKU)

‘Azalaren kodea’ (2000), ‘Bitsa eskuetan’ (2010), ‘Kristalezko begi bat’ (2013)... Gorputzetik bereizi ezin duenaren kontzientzia osoz, gorputzetik eta gorputzarentzat idazten duen idazlea da Miren Agur Meabe (Lekeitio, 1962). Bere egunerokotasunetik edanez, autofikzioa edo ni-aren literatura izan du ardatz bere literaturgintzan eta bide hori bera hartu du ‘Hezurren erretura’ (Susa, 2019) lanean ere.

Hogeita bat ipuinez osatutako nobela irmoa aurkezten digu lekeitiarrak eta, atalez atal, behinola haur izandako emakume heldua aurkezten digu, bere beldur, gurari eta helduleku guztiekin. Konplexurik gabe, protagonistak bere bizitzaren eta izatearen xehetasunak aletuko dizkio irakurleari, aldian-aldian “erretura”, sua, egitea bizirauteko ezinbestekoa dela frogatuz.

Esana duzu liburu honekin etapa bat ixten duzula. Zer etapa da hori eta zergatik ixten duzu orain?
Hala esan dut, baina ikusiko dugu egitasmo berriei heltzean nondik nora doan arnasa. Adierazi nahi nuena zera da, akaso nire hurrengo ariketa lehen pertsonan ez idaztea izan behar litzatekeela. Aurreko etapa, narratiban, nolabait esateko, autofikzioarena izan da, niaren literaturarena, eta iruditzen zait beste erronka bat hartzeko ordua dela, neure burua ez errepikatzeko.

Azala, begiak, eskuak… eraman dituzu zure liburuen izenburuetara. Orain hezurretaraino sartu zara, eta erreturaren irudiarekin gainera. Zergatik izenburu hori?
Hezurrek, semantikoki, jarraipena ematen diotelako aurreko liburuetan abiatutako introspekzio bideari. Ez dira aztarna fisikoak, metaforikoak baino, aldean daramatzagun pisuen sinboloa, oroitzapenak barne. Horregatik ageri da liburuaren sarreran Fabio Morabitoren aipua: ‘Inoiz ez dut bizkor bidaiatu, baina bidaiatu dut, nire hezurren mina aldatu egiten da / ehun metrotik ehun metrora, / eta inork ez daki nik bezain ondo kilometro bat zer den’. Eta ez da ari artrosiaz.

Eta zertarako balio dute erreturek?
Hezurrak erretzea sasiak edo lohiak garbitzearekin konpara daiteke, iraganeko zamak baztertzearekin. Erretzean suntsitu egiten dugu sobera dagoena, on egiten ez diguna. Eraldaketa horretan beste energia bat sortzen da, argia eta beroa, baita ongarria ere, bai maila literarioan, bai maila pertsonalean. Erretura egitea pertsonaiarentzat aurrera egitea den moduan, niretzat ahalduntzea da, idazle gisa.

Gorputza oso presente dago zure literaturan. Hala nahi izan duzulako edo halabeharrez?
Asko idatzi dut gorputzaz, konstante bat da nire lanetan. Autorretratuek, adibidez, identitatearen bilaketarekin eta nortasuna berrestearekin dute zerikusia. Hasieran, premia naturala zen niretzat gorputzari buruz idaztea, neure bizipenak adierazteko; geroago, kontzientzia-jarrera bat bihurtu da: gorputzaz idaztea emakume subjektua aldarrikatzea da, desira esplizitatzeko era bat, minari eta heriotzari buruz hausnartzeko bidea, eta abar.

Begiarekin izandako osasun arazoek izan dute zerikusirik gorputzarekin duzun harremanarekin edota zure literaturgintzan gorputzak betetzen duen lekuarekin?
Kristalezko begia daukat, eta identitate-marka horri etekina atera diot literaturan, ‘begiari begiratzen dion begia’ izateko; alegia, autobehaketa sorkuntzaren abiapuntua eta helmuga izan daitekeela defendatzeko. Horixe izan dut autofikzioaren edota autoimitazioaren oinarria. Eta horrek deskribapen fisikoak nahiz emozionalak eta psikologikoak barnebiltzen ditu.

Emakume heldu bat da protagonista, edo 21 emakume ezberdin ere izan daitezke, narrazio bakoitzeko bana.
Ipuin batzuetan emakume heldua, eta beste batzuetan neskatxoa, nerabea edo emakume gaztea. Denak dira ‘ni’ bat, hari kronologiko baten bitartez eraikiz doana. Baina horrek ez du esan nahi Miren Agur Meabe denik beti hitz egiten duena, beste emakume batzuen osagaiak ere badaudelako pertsonaia bakar hori eratzen.

Haurra dena emakume bihurtu da, eta emakume horretan irakurle askok Miren Agur Meabe ikusiko dute: kristalezko begian, idazle izaeran… Fikzio-ez fikzioarekin jolastu nahi izan duzu?
Oso eroso sentitzen naiz anbiguotasunaren esparruan. Autofikzioa norberaren bizitza beste era batera bizitzeko tresna bat da, izandako bizitzak esplikatzekoa, literatura askatasunaren lurra delako, errealitateak ezarritako mugetatik harago joan gaitezke.

Badira narrazioen arteko loturak –pertsonaiak, irudiak, datu historikoak...– eta irakurleak horiek lotuz osatu behar du puzzlea. Hari ere lana eman behar zaio?
Oihartzun sare bat sortu nahi nuen. Horregatik errepikatzen dira noizetik noizera testuinguruko erreferentziak, giro sozialeko datuak eta beste kontu batzuk: arratoiak, ametsak, seinaleak, tokiak eta pertsonaiak… Asmoa ez zen irakurleari lana ematea, amalgama bat edo continuum bat egitea baino, obrari kohesioa eta fidagarritasun itxura emateko.

Liburua ere bada, nolabait, ariketa literario bat: eskutitzez osatua, ideia baten bidez kateatzen diren paragrafo itxuraz solteak, leku ezberdinetan idatzitako egunerokoa, protagonistaz hirugarren pertsonan idaztea…
Ipuinaz dugun kontzeptu klasikoa malgutu nahi izan dut. Adibidez, ‘Teselak’ ipuinean ideia edo hitz batek egiten du lotura, zatitik zatira. Pasadizo txiki askok osatzen dute kontaera, haurtzaroaren mosaiko bat eginez. Beste batean, ‘Ametsen inbentarioa’ delako ipuinean, emakumeen informazioek, oso laburrak izan arren, narratibitate potentzial handia dute, garatu gabe eman arren. Baliteke horrek martxan jartzea irakurlearen irudimena; horrela bada, hobeto.

Bestalde, zenbait testu mota elkarren ondoan jartzea zergatik? Collageak gustatzen zaizkidalako. Eta azken batean, bai gure memoria, bai gure bizitza eta artea bera ere horixe direlako.

Atzerria ere oso presente dago: Polonia, Ameriketako Estatu Batuak, Mediterraneoko hiriak…
Neure bidaietan ezagututako lekuak dira, eta aproposak iruditzen zitzaizkidan era bateko edo besteko tramak girotzeko. Idazleak esponjak gara, parean zer, horixe xurgatzen dugu.

Protagonista beti lagun artean azaltzen bazaigu ere, bakardadea hor dago beti, atezuan. Bakardadeari diogun beldurra islatu nahi zenuen?
Pertsonaia nagusiaren bakardadeak zerikusia du bizitzan zehar galdu dituen gauzekin, maite izan dituenengandik apartatzearekin... Hala ere, bakardade bat sentitzen du, zulo baten modukoa, ez duena ezerk betetzen, nahiz eta semea izan, lagun onak, proiektuak, bizitza dinamikoa... Konturatu naiz bakardadea aurkikuntza bat izan daitekeela –mingarria izan arren– eta hazten jarraitzeko bulkada eman ahal digula.


«Ur ezezagunetan menturatzea da idaztea», dio protagonistak. Hala da zuretzat ere?
Bai. Nire liburuetan sarritan agertzen dira idazkuntzari buruzko gogoetak, nire kezkak hartzaileari esplikatu beharra. Esaldi horrekin esan nahi dudana da askotan ez dudala jakiten zer ekarriko didan idazteak, baina arriskua onartzen dudala.

«Liburu hau burutzea gurpil hits eta sorgorgarri batetik askatzeko ekintza izan da niretzat» ere badio. Miren Agurrek ere esan dezake hori «Hezurren erretura»-z?
Miren Agur Meabek dio hori, hain zuzen ere. Idazkuntza-prozesua neketsua izan da eta iruditzen zitzaidan sekula ez nuela amaituko. Azken batean, liburu guztiak amaitzea kemena proban jartzea izaten da, eta hau bereziki, ezusteko gorabehera batzuek ere oztopatu didatelako.

Hezurrak erreta nora begira zaude orain? Nondik abiatzen da etapa berria?
Etapa ez da erabat amaitu oraindik… Une honetan poema bilduma bat lantzen ari naiz, datorren urterako, eta edukiak badu zerikusia ‘Hezurren erretura’-rekin. Hala ere, estilistikoki beste urrats bat egin nahi nuke, esaterako, erreferentzia kulturalistak uztartuz. Beste alde batetik, Forugh Farrokhzad-en poemak itzultzen ari naiz, Munduko Poesia Kaierak sortarako. Emakume hori errebeldiaren ikonoa izan zen bere garaian Iranen, zigortua. Eta umeentzako poema liburu bat eta ipuinak ere badatoz bidean...

«Adin batetik aurrerako emakumeei ez zaie baliorik ematen, ikusgarritasuna irabazi behar dugu»

Gutxitan ekartzen da literaturara emakume heldu baten ahotsa, maldak igotzen nekatzen dena, menopausiaz mintzatzen dena.
Emakume horrek bere berri ematen digu modu batera edo bestera: babak eltzetik ateratzen ikasi du; familiaren falta sentitzen du; azken maite-kontuak bizi ditu; patuaren seinaleak interpretatzera jolasten da… Helduaro betean, badaki bereizten bizitzari zer eskatu eta zer ez. Neurri batean, neu naizen emakumea eraman dut paperera, neure adin bueltakoak. Zergatik? Begirada patriarkalak baldintzatzen duelako gizartearen dinamika eta, kontsumo-gizarte honetan, adin batetik aurrerako emakumeei ez zaielako baliorik ematen, gainbeheraren sasoian daudelakoan. Zentzu horretan, ikusgarritasuna irabazi behar dugu.

Eskolako mojak, zurezko santuak, debekuaren xarma, sexuaren tabua… haurtzaroko eta nerabezaroko pasarteetan erlijioak badu pisurik. Garaiak hala eskatzen zuelako, pertsonalki eragin dizun gaia delako erlijioa…?
Alde batetik, bizipen pertsonalak daude, baina baita nire belaunaldiko neska askoren esperientziatik ere. Gure belaunaldiak hezkuntza eredu eta balio moral jakin batzuk jaso zituen, eta horietaz hitz egitea garai baten erretratua egitea da, lekukotza subjektiboa baina balekoa. Kasu honetan pertsonaiaren ni indibidualak zubiarena egiten du irakurlearen gu kolektiboarekin.

«Andre usatua» terminoa ere asmatu duzu. Zer litzateke eta zer esan dizute irakurleek horri buruz?
‘Usatuak’ hiru adiera ditu: bat, ohitua dagoena (nire herrian, ‘usatuta’ egotea ohituta egotea da, trebatuta); beste bat, higatuta edo gastatuta dagoena; eta hirugarrena, modu txarrean erabili dena. Beste berba batzuekin esanda: esperientzia daukagu, zahartzen ari gara eta batzuetan erabili egiten gaituzte.

Batzuek esan didate oso garbi ikusten dutela definizioa, identifikatuta sentitzen direla.