Ainara Muntek irabazi du Etxepare Itzulpen saria ‘Hilda dago poesia?’ katalanera eramateagatik
Joseba Sarrionandiaren ‘Hilda dago poesia?’ Liburuaren katalanerako itzulpenarengatik suertatu da garaile; itzulpena Pol·len Edicions argitaletxeak atera du. Itzultzaileak eta argitaletxeak 4.000 euroko saria partekatuko dute.
Ainara Munt Ojangurenek irabazi du Etxepare – Laboral Kutxa Itzulpengintza sariaren bosgarren edizioa Joseba Sarrionandiaren ‘Hilda dago poesia?’ poema liburuaren katalanerako itzulpena egiteagatik, ‘És morta la poesía?’. Bartzelonan egoitza duen Pol·len Edicions etxeak atera du argitara.
Aurtengo irabazleak gaur bertan jaso du saria, Jordi Panyella Pol·en Edicionseko editorearekin batera, Euskadiko Artxibo Historikoan, Bilbon, antolatutako ekitaldi batean. «Itzulpengintzarekin lotutako proiektuak sustatzeaz gain, Eusko Jaurlaritzak aintzat hartzen du itzulpengintzaren garrantzia eta ahalegin bat egiten du itzultzaileen lana aitortzeko», esan du Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua den Bingen Zupiriak.
Saria nori eman erabakitzeko orduan, epaimahaiak itzulpenaren kalitatea izan du kontuan, baita argitaletxeak egin duen sustapen lana ere. Itzultzailearen ibilbidea eta itzulitako generoaren, poesiaren, balioa ere aintzat hartu dira baloratzerako orduan.
Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpen Saria 2015. urtean sortu zen jatorriz euskaraz idatzitako literatura-lanen itzulpenak saritzeko, itzulpenak baitira euskal idazleek eta hauen lanek nazioarteko hedapena izan dezaten zubia. Sari honek itzultzaileen ezkutuko lana nabarmendu nahi du.
Mundu osoko itzultzaile eta argitaletxeak aurkeztu daitezke sarira, beti ere ondorengo baldintzak betetzen badituzte: aurkeztutako liburua jatorriz euskaraz idatzitako eta argitaratutako literatura-lan baten itzulpena izatea, eta itzulpen hori aurreko urtean zehar argitaratua izatea. 4.000 euroko sari bakarra ematen da, itzultzaileak eta argitaletxeak erdibana banatu dezaten.
Halaber, 2.000 euroko laguntza jasoko dute irabazleek saria jasotzera Euskal Herrira etortzeko edota literatura-lana argitaratu den herrialdean sustapen lanarekin (aurkezpenak, publizitate kanpainak, etab.) jarraitzeko.
Ainara Munt Ojangurenek aita katalana eta ama euskalduna ditu, eta Bartzelonan egin ditu bere bizitzako urte gehienak. Itzulpengintza eta interpretazioa ikasi zuen Vic-eko Unibertsitatean, ingelesean eta alemanieran espezializatuz, eta Kataluniako Itzultzaile eta Interpreteen Erakunde Profesionaleko kide da.
Literatura, saiakerak, ikerketak edota erakusketetako esku-orriak itzuli ditu batik bat Muntek, baina itzulpengintza zientifiko-teknikoan edota ikus-entzunezkoan ere badu eskarmentua. Aurretik ere, Joseba Sarrionandiaren lan gehiago itzuli ditu katalanera; hain zuzen ere, ‘Ni ez naiz hemengoa’ (‘Jo no soc d’aquí’) eta ‘Moroak gara behelaino artean?’ (‘Som com moros dins la boira?’).
‘Hilda dago poesia?’ izan da Sarrionandiari egin dion azken itzulpena, eta lan honek, besteak beste, Mallorcako Cavall Verd literatura sarietan Rafel Jaume saria irabaztera eraman du Munt, urteko poesia itzulpen onenarengatik.