INFO

Nafarroako eraikinetako 7.500 garbitzailek «doan» egingo dute lan, ELAren kalkuluen arabera

ELAk elkarretaratze bat burutu du ostegun honetan Nafarroako Enpresarien Konfederazioaren aurrean, eraikinetako garbitzaile eta kale garbitzaileen artean dagoen soldata arrakalaz kexatzeko. Nafarroako eraikin eta lokaletako garbitzaileetan lanaldi osoko kontratuak salbuespenak direnez, kalkulatu du 7.500 garbitzailek «doan» egingo dutela lan urtea bukatu bitartean.

Nafarroako Enpresarien Konfederazioaren egoitza parean elkarretaratu dira langileak. (ELA)

ELAk atera dituen kalkuluen arabera, ostegun honetatik aurrera eta urtea bukatu bitartean, Nafarroako eraikin eta lokalak garbitzen dituzten 7.500 emakume langilek «doan» egingo dute lan. Hau arrazoitzeko, langile hauen kontratu motak erabili dituzte, sektore honetan lanaldi osoko kontratuak «salbuespen baitira».

Kale garbitzaileen lan baldintzekin alderatu du sindikatuak, hemen gizonezkoak gehiengoa baitira –eraikinetako garbitzaile gehienak emakumeak dira–. «Soldatak eraikin eta lokalen garbiketan baino %13 eta %20 artean handiagoak dira», zehaztu du. Lanaldi erreala kontuan hartuz gero, alde hori %5ean areagotzen dela ohartarazi du.

«Horren guztiaren ondorioz, garbiketen sektorean lan egiten duten emakumeek, ostegun honetatik (urriak 24) urtea amaitu arte, doan egiten dute lan, eta hori salatu dugu ELAk patronalaren aurrean, azaldu ditugun bidegabekerien eragile eta arduradunetako bat den aldetik», azaldu du.

Lan baldintzak parekatzea

Gauzak horrela, «balio bera eta prestakuntza bera eskatzen duten lanen aurrean», lan baldintzak berberak izan behar direla aldarrikatu du ELAk ostegun honetan Nafarroako Enpresarien Konfederazioaren aurrean eginiko elkarretaratzean.

Aldarrikatzen dutena bidezkoa delakoan daude langileak: «Gure lankideen lan baldintzetara hurbildu nahi dugu, besterik ez. Haiek merezi dituzte baldintza horiek, zalantzarik gabe. Baina guk ere bai».