Euskararen jatorriari buruzko hitzaldia, larunbatean Urruñan
Euskeraren Jatorriak elkarteak hiru ikerlari gonbidatu ditu larunbatean, azaroaren 16an, Urruñako Berttoli elkartearen egoitzara, urteetako lanen ondorioak jendaurrean aurkez ditzaten. Euskeraren Xarmaren 3. Bilkura izanen den horretan, Eñaut Etxamendi Gezainburu, Josu Naberan eta Jabi Goitia Blanco ariko dira hizlari.
Hizlarien diskurtsoak errazago ulertzeko elkarrizketa modura eginen dira hitzaldiak, horretarako ikertzaile bakoitzak elkarrizketatzaile bana izanen du. Euskararen jatorria gai amankomuna izanen badute ere, bakoitzak ikerketa eremu ezberdin batetik landu izan baitu, beraien aurkezpenek ikuspegi zabala eskainiko dute.
Urruñan eginen den Euskeraren Xarmaren 3. bilkura honen sarrera 10 eurokoa da, eta lehenik izena ematea komeni da, euskerarenjatorria@gmail.com helbidean.
Ikerlariak
Eñaut Etxamendi Gezainburu idazle eta musikariak ikasketa anitz egin ditu: nekazaritzan peritua da 1957tik, Ikasketa Politikoen Institutuan egin zuen 1958an eta Euskal Filologian doktore da 2007tik. Hala ere, gizartean Eñaut Larralderekin batera osatu zuen kantari bikoteko kide izateagatik eta ipuin eta eleberriak idatzi izanagatik da bereziki ezaguna. Gaiari loturik, doktorego lana ‘Euskera-erdarak: Basques et Langues Indo-Européenes’, ‘L'Origine de la langue basque’ eta ‘El Euskara Lengua Indoeuropea’ argitaratu ditu.
Josu Naberan idazle eta itzultzaileak AEK-ko didaktika alorrean jardun zuen 10 urtez eta Kalegana Itzulpen eta Ikerketa taldeko kide izan zen, testu klasikoak itzuliz ingelesetik eta grekeratik. Hitzaldiak eskaintzen ditu egutegiari eta mitologiari buruz, besteak beste. ‘Sugearen Iraultza’ liburua diatzi zuen mitologiari buruz, ‘Antzinagoko Euskaldunen Egutegia’ eta ‘Hitzen Koba. Euskararen jatorria eta eraiketa’.
Jabi Goitia Blanco Ingeniaritzan eta Geografian lizentziadunak Iberiar penintsulako toponimoak sakon aztertu ditu azken lau hamarkadetan. ‘ADN del Euskera en 1.500 partículas’ eta ‘Diccionario Etimológico del Castellano’ liburuak argitaratu ditu; azken honetan gaztelaniazko hainbat hitzen jatorria euskara izan daitekeela proposatzen du.