‘Joxe Azurmendi. Euskal pentsamenduaren ur-jauzia’ kongresuak 50 aditu elkartuko ditu
Joxe Azurmendi Otaegi filosofo zegamarraren ekarpena egungo begiradatik aztertu eta landuko dute Jakinek, EHUk eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako ‘Joxe Azurmendi. Euskal pentsamenduaren ur-jauzia’ kongresuan. Donostian eginen dute, abenduaren 11 eta 13 bitartean.
Filosofia, politika, hizkuntza, kultura eta literatura izan ditu aztergai Joxe Azurmendik bere bizitzan zehar. Argitaratu dituen 41 liburuak eta ia 500 artikuluak horren lekuko dira. Ekarpen hau hainbat ertzetatik aztertuko du ‘Joxe Azurmendi. Euskal pentsamenduaren ur-jauzia’ kongresuak. Horretarako, 50 aditu elkartuko ditu abenduaren 11tik 13ra Donostiako San Telmo museoan.
Irekiera ekitaldi bereziarekin ekinen dio kongresuak abenduaren 11n. Hasteko, Joseba Zulaika antropologoak, Miren Azkarate hizkuntzalariak eta Pruden Gartzia urgazle eta idazleak hitzaldi bana eskainiko dute.
Hurrengo egunean, abenduaren 12an, hiru aretotan banatuko da kongresua, Azurmendiren ildo ezberdinak aldi berean landu ahal izateko. Hori dela-eta, kongresuko egunik mamitsuena izanen da, bai behintzat eduki kopuruari dagokionez. Gizaberearen filosofia, gogoeta etikoak, pentsamendu soziala, kooperatibismoa, nazioa, estatua eta kultura izango dira jorratuko diren gai nagusiak, mahaika sailkatutako hitzaldi laburren bitartez. Horiekin batera, goizean hitzaldi luzeagoak ere tartekatuko dira Azurmendiren ibilbideari eta obrari buruzko gogoeta orokorragoekin.
Abenduaren 13an, aldiz, saio guztiak Areto Nagusian egingo dira berriro, goizez.
Bi emanaldi berezi ere antolatu dira, biak ere Azurmendiren olerkigintzan oinarrituta. Lehen egunean kontzertua eskainiko du Gotzon Arrizabalaga irakasle eta musikariak. Eta azken egunean, kongresuari amaiera emateko, ‘Aginako zero bat’ emanaldia eskainiko dute Manex Agirre, Jon Aranburu, Marco Bianchi eta Gaizka Amondarainek.
Izen ematea zabalik
Kongresuan edonork parte har dezake, beti ere aldez aurretik izena emanez gero. Kontuan izan abenduaren 12ko saioetan espresuki eman beharko dela izena, hau da, zer saio zehatzetara joango den adierazi beharko da aldez aurretik. Horretarako aukera, Joxe Azurmendi Katedraren nahiz Jakinen sareko atarietan.