INFO

Ramon Saizarbitoriak bere liburu berria aurkeztu du batxilergoko ikasleez inguratuta

17-18 urteko ikasleek jada irakurri dute Ramon Saizarbitoriaren nobela berria, ‘Miren eta erromantizismoa’, eta euren ikuspuntua emateko prest daude. Horietako batzuekin egin du aurkezpena gaur goizean, non euren iritzia eman duten.

Ramon Saizarbitoria Usandizaga BHI zentruko ikasleetako batzuekin. (Jon URBE/ FOKU)

Neska gazte baten azaletan jarri da Ramon Saizarbitoria ‘Miren eta erromantizismoa’ liburuan. Ezohiko aurkezpena egin du egileak, batxilergoko ikasleez inguratuta, lehenengo talde txiki batez lagundurik, euren inpresioez hitz egiteko, eta Donostiako Usandizaga institutoan ondoren.

«40 urte bete dira lehen liburua idatzi nuela. 24 urterekin otu zitzaidan zahar baten ahotik istorioa kontatzea. 73rekin jarri zait neskato baten ikuspegitik gauzak kontatzeko gogoa», esan du egileak. Hala ere, beldur pixka bat izan duela ere aitortu du neska baten ikuspuntutik idazteko «eskubidea» ote duen galdetu diolako bere buruari etengabe. Azkenean baietz erabaki eta honako testua kaleratu du Erein argitaletxearekin euskaraz eta gazteleraz.

Saizarbitoriarekin batera Maria, Arai, Maddi, Miren, Ibai, Manu eta Alba ikasleak eta Itziar Gillenea literaturako irakaslea izan dira prentsarekin. DBHO 2. mailako ikasleen ustetan Saizarbitoriak asmatu du Miren protagonistaren pentsamoldearekin, nahiz eta agertzen den ikasgelako giroa «infantila» iruditu zitzaien hasieran. «Klara gelako guaya da eta denak atzetik doaz, eta hori gauden mailan ez da gertatzen», argitu du Ibaiek. Bestela, orokorrean, pertsonaiak duen pentsamoldea oso egokia dela deritzo. Albarentzat, adibidez, «alderdi sikologikoa gauzarik landuena da».

Gazteen ikuspuntua

Maitasun istorio bat kontatzen du liburuak, baina gazteek izan ditzaketen bestelako arazoak ere ageri dira tartean. Klara eta Miren lagun minak dira, eta Said mutil marokoarra institutura iristen denean biek nahi dute berekin ibili. Gazteek argitu dutenez, Klararen kasuan interesagatik da, denek esaten dutelako mutil polita dela eta berak, beti nahi duen guztia duenez, hau ere lortu nahi duelako. Mirenek sentitzen duena, berriz, askoz sakonagoa da eta mutilarekin duen harremana fisikoaz haratago doa.

Egileak aipatu duenez, bere nobela guztietan dago jakituriarekiko errespetua, eta oraingoan ere aipu eta erreferentziak sartu ditu Miren eta Saiden hitzetan, irakurleek ezagutzen ez badituzte euren interesa pizteko eta gerora aztertu ditzaten. «Ez dut esfortzurik egin gaurko gazteen mundua eta hizkuntza ezagutzean. Batzuk esango dute Miren hori ni naizela, baina uste dut Miren bezalako gazteak ere badaudela. Existitzen dira, nahiz eta telebistan agertzen ez diren. Bertan arruntenak agertzen dira, normalkeria, freskotasuna, bilatzen da», kontatu du.

Izan ere, bere helburua ez da izan gazteentzako liburu bat idaztea, baizik eta publiko guztientzako bat sortzea. Berak ez du publiko bat buruan duela idazten, eta nahiago du aurretik etiketarik ez jartzea, ondoren kritikariek sailkatuko badute ere. Bere ustetan, gazteek denetarik irakurri behar dute eta ez dago «gazte literatura» delakoaren alde, eta hori da liburu hau idaztearen arrazoietako bat uste baitu eskoletako irakurgai asko ez direla aproposak. Manu bat dator ideia horrekin eta uste du taldea bitan banatzen dela: irakurtzea gustoko dutenak eta derrigortuta irakurtzen dutenak. «Irakurtzea gustatzen zaigunoi gazte literatura motza egiten zaigu eta heldura jo behar dugu. Liburu honek bietatik du».

‘Miren eta erromantizismoa’-ri dagokionez, ikasleek euren iritziak dituzte. Mirenek uste du bere izen bera duen protagonistak «egiten dituen galdera filosofikoak noizbait nik nire buruari egin dizkiot. Pentsarazten zaitu». Liburuan agertzen den maitasun motaren inguruan ere aritu dira. Mariarentzat «Miren gazteegia da norbait hainbeste maitatzeko», Maddirentzat berriz «ezinezko maitasun batetaz» ari da liburua, eta Araientzat «zoria» da gai nagusia, denek zoriz egiten dutelako topo eta gertatzen diren gauzak ere zoriak dakartzalako.