INFO

Jaka-Zabaletak txikitu egin dituzte faboritoak (5-22)

Urdinek euren lana bikain egin duten bitartean, Irribarria-Rezusta euren mailatik urrun egon dira.

Jaka, pilota astintzeko prest. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Lehen jardunaldiko berdintasuna eta oreka gutxien uste zenean apurtu da, Jaka-Zabaletak inork espero ez zuen jipoia eman baitiete askoren ustez txapelerako ere faborito nagusiak diren Irribarria-Rezustari. Bezperan Iruñean 938 pilotakada gurutzatu baziren, gaur Bergaran 308 nahikoa izan dira lizartzakoak eta etxarrendarrak euren lehen puntua eskuratzeko.

Asko espero zen gaurko partidarako, baina lehiak apenas iraun ditu hamar minutu. Hasieratik hartu dute markagailuaren agintea urdinek, baina 3-2kotik aurrera, euren nagusitasuna erabatekoa izan da kantxan eta emaitzan.

Halako emaitzak ematen diren guztietan, edo gehienetan bezala, bi gauza batu dira Bergarako Udal pilotaleku historikoan: Jaka-Zabaletak eurena bikain egin dutela eta 2017ko txapeldunak beren mailatik oso urrun egon direla.

Titular gisa jokatzen zuen bere lehen partidan, Jakak oso indartsu ekin dio lehiari, errematean ia dena asmatu eta apenas akatsik pilatu gabe. Horretarako, Zabaletak eman dion laguntza sekulakoa izan da, hasieratik Rezusta dominatu du eta bien jokoa osagarria izan da erabat.

Parean, Irribarria-Rezustak ez dute joko on horri erantzuteko argudiorik. Bergarako atzelariari ez zaio gehiegi gustatzen txapelketako partidak etxean jokatzea eta gaur aspaldian ikusi diogun partidarik txarrena jokatu du etxekoen aurrean. Hasieratik Jakari pilota kendu ezinda aritu da eta partida erditik aurrera erabat amildu da. Aramako aurrelaria ere erabat gaindituta egon da eta ez da bere bikotekideak behar zuen laguntza emateko gai izan.