Lau hiriburuetan manifestazioak deitu ditu Sarek Gabonetan, U11koa ortzimugan
Abenduaren 21ean, larunbatean, Iruñean eta Gasteizen; 27an, ostiralean, Bilbon; eta 28an, larunbatean, Donostian. Hauetxek dira salbuespeneko espetxe politikaren aurka Sarek Gabonetarako deitu dituen mobilizazioen datak eta tokiak. Jada 2020an, hitzordua Bilbon izango da, urtarrilaren 11ean.
«Salbuespeneko espetxe politika behin betiko» buka dadin lau mobilizazio deitu ditu Sarek Gabonen inguruan, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Iruñean Anabel Arraizak eta Inaxio Oiarzabalek aurreratu dutenez, horren adierazpide ezberdinak salatuko dira han-hemenka, konponbideak aldarrikatuz: gaixotasun larriak dituztenak etxeratzea, urruntzearekin amaitzea, motxiladun haurren eskubideak errespetatzea eta euskal emakume presoen egoera hobetzea.
Honetaz gain, mobilizazio hauek urtarrilaren 11n Bilbon deitutako manifestazio nazional erraldoirako «motorrak berotzeko» baliatu nahi ditu Sarek, egun Estatuan dagoen agertoki politikoa ahaztu gabe: «Datozen urteetan espainiar Estatuaren nondik norakoak zuzenduko dituen Gobernu berria osatze lanetan ari den honetan, behar beharrezkoa da euskal jendartearen gehiengoak babesten dituen aldarriak kalean ere aktiboan erakustea», adierazi dute.
Aipatutako lau ardatz horietan sakonduz, hainbat datu eman dituzte Sareko ordezkariek Iruñean eginiko agerraldian. Urruntze politikari dagokionez, «oraindik ere 142 dira 600 eta 1.100 kilometrora dauden presoak». Emakumezkoen kasuan, bakartze egoera nabarmendu dute, Estatu espainolean espetxeraturik diren 25 emakumeetatik 12 bakartuta dira eta. Eta Xuaren kasuaz ohartarazi dute, egiten ari diren ahaleginei kasu egin ezean ama zein aitarengandik banatua izango baita urtarrilaren 19an, hiru urte betetzean alegia.
Motxiladun haurrei buruz, egun 104 direla ekarri du gogora Sarek. Eta gaixotasun larriak dituzten 21 lagun oraindik ere preso daudela erantsi du, «21 familia bihotz uzkurtuta, beraz».
«Egoera honen aurrean, aurten, Gabonen testinguruan, lau hiriburuetan mobilizazioak antolatzea erabaki dugu: motxiladun haurrek gurasoekin hazteko duten eskubidea aldarrikatu eta Xua ama eta aitarekin etxeratzeko eskatzeko, larriki gaixo diren presoak jasaten ari diren heriotza zigorra salatzeko, espetxean bakartuak diren emakume presoak batzeko deia egiteko, eta ezohikoa den espetxe politika honekin behin betiko amaitu behar dela esijitzeko», adierazi dute Oiarzabalek eta Arraizak.
Lehenengo mobilizazioak abenduaren 21ean izango dira, larunbatarekin beraz, Gasteiz eta Iruñean. Hurrengo ostiralean, abenduaren 27an, Bilbon izango da. Eta biharamunean, abenduaren 28an, Donostian.