INFO

Zigor Garro aske atera da Mont de Marsango espetxetik

Zigor Garro gaur atera da aske Landetako Mont-de-Marsango espetxetik, frantses Justiziak ezarri zion zigorraren azken sei hilabeteak kalean betetzeko. Joan zen urrian Zigorrak Betetzeko Auzitegiak ontzat eman zuen eskumutur elektroniko batekin Garro libre uzteko presoaren defentsak aurkeztu zuen eskaera.

Zigor Garro Mont de Marsango espetxetik libre atera da. (Mediabask)

Zigor Garroren abokatuak urriaren 23an galdegin zuen 2006az geroztik kartzelan dagoen oreretarrari zigorra arintzeko neurriak hartzea.

Azaroaren 22an, Zigorren Aplikaziorako Auzitegiak ontzat eman zuen, zaintzapean bada ere, errenteriarrak bere senideek Hendaian duten etxean zigorra amaitu ahal izateko aukera.

Terrorismoaren aurkako Fiskaltzak 24 oreneko epea zuen helegitea aurkeztuz euskal presoa askatzeko erabakia eten ahal izateko.

Alta, Fiskaltzak deliberoarekin arazorik ez zuela aitortu zuen ebazpena ezagutu eta berehala. Hartara, erabakiaren aurka helegiterik aurkeztu ez duenez, Garrok auzitegiak zehazturiko egunean, azaroak 28an, atzera utzi du espetxea.

Auzian zehar fiskalak berak ez zion eragozpenik jarri eskumuturreko batekin presoa aske uzteko defentsak luzaturiko eskariari.

Jokabide aldaketa nabarmentzekoa da, Hego Euskal Herriko presoek orain arte abantzu ezinezkoa zutelako, zaintzapean bada ere, zigorra arintzeko neurririk eskuratzea Frantzian.

Hala ere, ebazpena ezagututa Zigor Garroren kasua ezin dela beste hainbat baldintzapeko askatasun auziekin alderatu ohartarazi zuen Maritxu Paulus Basurcok.

Abokatuak zehaztu zuenez, zigorra bukatzeko 2 urte baino gutxiago falta zaio Garrori (zehazki 6 hilabete) eta «Iparraldean etxea eta familia badu, baita lan proiektua ere, beraz baldintza konkretu batzuk betetzen ditu».

Estatu frantsesean gatibu diren euskal preso gehienek ez dituzte baldintza horiek guztiak betetzen. Hala eta guztiz ere, Garrorekin harturiko erabakia bide judizialean urratsak ematen jarraitzeko bidean «neurri baikorra dela» nabarmendu zuen abokatuak.

Baimen bi lortu zituen presoak

Zigor arintzea jaso aitzin Garrok kalera ateratzeko baimen bi izan zituen. Joan zen uztailean egun bateko baimena eman zioten lan elkarrizketa bat egiteko.

Irailean, ostera, ikastaro bat egiteko hiru eguneko baimena ukan zuen.

Horrez gain, iazko otsailean Zigor Garro bere amaren hiletan izan zen Zokoan.

2018an hurbildu zuten

Zigor Garro eta Julen Mendizabal izan ziren Mont-de-Marsango espetxera hurbildu zituzten lehen euskal presoak.

2018ko otsailaren 27an eraman zituzten Baionatik 104 kilometrotara dagoen Landetako kartzelara.

Garro ordurarte Saint Maurreko espetxean (620 km) zegoen eta Mendizabal Osnyn (920).

Oreretarra 2006an Quezac-en (Lozere) atzeman zuten. 2014an 17 urteko kartzela zigorra ezarri zioten ETAren talde logistikoaren arduradunetako bat zelakoan.